City University of New York: Bernardo Atxaga Katedra 2022

Euskara. Kultura. Mundura.

City University of New York: Bernardo Atxaga Katedra 2022
  • 31
    Urr 2022
    04
    Aza 2022
    New York

Bertsolaritza aztertuko du Jone Miren Hernandezek New Yorkeko City University-n, Bernardo Atxaga Katedrak antolatutako zenbait mintegiren bidez. Mintegiak ‘Opacidades, ausencias y silencios en el bertsolarismo. (Re)interpretaciones feministas de una práctica cultural “extraordinaria”’ du izenburu; urriaren 31n hasiko da eta, azaroaren 4ra arte, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 11:30era egingo dira.

Bestalde, hitzaldi irekia egingo du Hernandezek azaroaren 4ean, 18:00etan, ‘¿Quién mató al euskara? Notas para el guión de una serie de intriga feminista’ izenburupean. Hitzaldian emakumeek euskararen bilakaeran duten eginkizunaren inguruan eta bertsolaritza bezalako adierazpen kulturaletan emakumeen parte hartzearen inguruan hainbat interpretazio aurkeztuko dira. Parte hartzeko esteka hurrengoa izango da: https://us02web.zoom.us/j/82039408487 

Jone Miren Hernández antropologian doktorea eta irakaslea da UPV/EHUn. Hainbat argitalpenen egilea da eta gai ugariko proiektuetan parte hartu du. Bere ikerketa-ildoak batik bat hizkuntza-antropologiarekin eta antropologia feministarekin daude lotuta. Azkenen urteotan bertsolaritzak protagonismoa hartu du bere ibilbide zientifikoan. Feminismoa, generoa, emozioak, gorputza… bezalako gaiak ditu interesgune egun. Hortik ari da garatzen bere begirada, bai bertsolaritzari, bai euskal kulturari orokorrean.

Katedra horren xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da. Bernardo Atxagak berak eman zion hasiera 2011ko irailean City University of New York-eko The Graduate Center-en. Bernardo Atxaga Katedrak euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta ikasturte bakoitzean New Yorkera ekartzen ditu irakasle gonbidatuak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu