Damaris Pan eta Matthias Briche-Malefond, Kometak proiektuko egonaldirako lehen artista hautatuak

2026/02/03

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuak, Uharte Arte Garaikideko Zentroak eta Zébra3 elkarteak KOMETAK proiektuaren arte plastiko eta ikusizkoen eremuko lehen egonaldirako sortzaileen izenak ezagutarazi dituzte. KOMETAK proiektuaren helburua Euskal Herriko eta Akitania Berriko kultur eragile eta sortzaileen arteko mugaz gaindiko lankidetza eta harremanak sustatzea da, eta lehen edizioaren baitan, Akitania Berriko sortzaile batek Uharte Arte Garaikideko Zentroan gauzatuko du egonaldi artistikoa, eta Euskal Herriko sortzaile batek, Bordeleko Zébra3n.

KOMETAK proiektuaren lehen edizio honetarako, Euskal Herritik Damaris Pan sortzailea aukeratu dute proiektuko kideek Bordelen sorkuntza-egonaldia egiteko, eta Zébra3 difusio- eta ekoizpen-zentroan izango da apirilaren 13tik maiatzaren 24a bitarte. Hein berean, Akitania Berriko Matthias Briche-Malefond sortzailea Uharte Arte Garaikideko Zentroan izango da apirilaren 6tik maiatzaren 15era arte. Bi sortzaileek ikerketarako, esperimentaziorako eta lankidetzarako aukera gisa baliatuko dute dagokien arte-egonaldia. Gerora, egonaldiotako lan-prozesuak publikoari aurkeztuko zaizkio, non hala garatutako lan artistikoa nola egonaldiaren mugaz gaindiko izaera balioan jarriko diren.

Sortzaileen aukeraketa deialdi bidez bideratu da; orotara 58 proiektu-hautagai aurkeztu dira, eta proiektuko kideetako ordezkariek eta artearen alorrean aditu diren Peio Aguirre komisario eta editoreak eta Elsa Oliarj-Ines zinemagile eta artistak osaturiko ebaluazio-batzordeak baloratu ditu.

Damaris Pan

Damaris Panen proiektu hautatuak ‘Derrapaje metafórico’ (‘Irrist metaforikoa’) du izena eta margolaritza du ardatz. Bere lanaren abiaburuak bi funtsezko osagai ditu: margolaritza, praktika espekulatibo gisa ulertuta, batetik, eta gaur egun margotzeak berekin dakartzan kontraesanak, bestetik. Haren lanak esperientzia, zuzeneko esperientzia eta hausnarketa kritikoa uztartuko ditu.

Damaris Pan Mallabian jaio zen 1983. urtean. Bere lana banakako erakusketetan aurkeztu da, hala nola, ‘Oalddilal V’ (Museo Patio Herreriano, 2024), ‘Male Male’ (Fermay, Palma, 2023), ‘Un martillo en la cabeza’ (Ana Mas Projects, Bartzelona, 2022) y ‘Cuernos a la vista’ (BilbaoArte, 2020). Talde-erakusketen artean, ‘El árbol de lo que aún no sabes’ (CaixaForum Barcelona, 2023) eta ‘Bi Dos Two’ (Azkuna Zentroa, 2018) azpimarra daitezke. Txina, AEB eta Alemaniako arte-egonaldietan parte hartu du, eta 2024an margolaritzako BMW saria eskuratu zuen, eta 2021ean GURE ARTEA saria.

Gaur egun Bilbon bizi da, eta jardun artistikoaz gain, irakaskuntzan ere dihardu, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko margolaritza sailean.

Matthias Briche-Malefond

Arte-egonaldi honen baitan, Matthias Briche-Malefond sortzaileak ikerketa- eta sorkuntza-proiektua proiektu bat onduko du, zeina soinu instalakuntza plastiko batean hezurmamituko den. Bere proiektuaren ideia usadioei etengabe eraldatzen diren aztarna eta narrazio gisa heltzea da, denbora lerroan finkaturiko jaraunspen gisa bainoago.

Matthias Briche-Malefond Limousin eskualdeko landa-ingurunean jaio zen 2001ean, eta eguneroko esperientziak inguruan zituen landa jardunbideekiko interesa goiz garatzea ahalbidetu zion. Gerora Bordelera lekualdatu zen, non Arte Ederretako Eskolan bost ikasturte egin zituen. Bere lana instalakuntza, soinua eta eskulturaren artean kokatzen da, halako gune, gainazal eta materiaren arteko elkarrizketa sortuz. Eskulturarekiko hots-ezaugarriak aztergai ditu haren jardun artistikoak,  horretarako aztarnak, hondarrak, kultur eta ahozko tradizioak, eta soinuak baliatuz. 

Mugaz gaindiko kultur lankidetza

Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, proiektuaren izenak, Kometak izenekoak, Bigarren Mundu Gerran sortutako Comète sareari egiten dio erreferentzia; sare horren helburua zen aliatuen hegazkinlari eroriak mugaz bestaldera igarotzen laguntzea. Erreferentzia hori kulturaren eta sorkuntza artistikoaren metafora gisa erabiltzen da: norabide berriak seinalatzeko gai diren indarrak, eta sarean eta elkarlanean jardutean beren eragina biderkatu dezaketenak.

Proiektua Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak diruz laguntzen du, eta horrek sendotu egiten du Kometak proiektuaren izaera estrategikoa mugaz gaindiko kultura-lankidetzako politiken baitan. Uharte Arte Garaikideko Zentroa eta Zébra3 erakundeen parte-hartzearekin abiatu den lehen edizioarekin, Kometak etorkizunera begirako bokazioz jaio da: jarraipena izateko, beste diziplina artistiko batzuetara zabaltzeko eta bazkide berriak gehitzen jarraitzeko asmoz, lurraldean kultura-lankidetzako sare gisa sendotzeko helburuz. 

Euskal arteari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>