Edinburgoko Fringe jaialdiaren 2026ko edizioan parte hartzeko deialdia, irekita
2026/01/28
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak, ADDE Euskal Herriko dantza profesionalen elkartearekin elkarlanean, 2026ko abuztuan ospatuko den Edinburgh Festival Fringe jaialdian (Edinburgo, Eskozia) parte hartzeko deialdia luzatu nahi die euskal dantza konpainia profesionalei.
Etxepare Euskal Institutuarekin garatutako lankidetzari esker, Euskal Herriko dantza taldeen proposamenak jaso nahi ditu Eskoziako Dance Base – National Centre For Dance zentroak, bi euskal konpainia bere egitarauan sartzeko. Ordubetean emanaldi bikoitza eskainiko dute euskal konpainiek, beraz, formatu laburrekoak izan beharko dute emankizunek.
Ondorengo baldintzak betetzen dituzten ikuskizunak onartuko dira:
- Aretorako lanak (6 x 9 m eszenatokia).
- 20 eta 40 minutu artean.
- Formatu txikiko lanak (1 - 3 dantzari artean + teknikari 1 gehienez)
- Testu gutxi edo publiko gehienak ulertuko duen hizkuntza.
- Eszenografia eta argiteria xinplea
- ADDEko kidea izatea edo BASQUE DANCE WORKS CATALOGUEean egotea (Deialdi honetan parte hartzeak 2026ko katalogoan sartzeko konpromezua eskatzen du).
Jaialdian parte hartuko duten konpainiek 2026ko abuztuaren 6tik 16ra egingo dute egonaldia.
-Abuztuak 6 astelehena joaneko bidaia eta entsegua.
-Abuztuak 7-16 emanaldiak (9 funtzio, astelehena 10 libre)
-Abuztuak 17- astelehena itzulera bidaia.
Edinburgh Festival Fringe munduko kultur ekitaldi handienetariko eta garrantzitsuenetako bat da. Urtero ospatzen da Edinburgon, Eskozian, abuztuan zehar, Edinburgoko Nazioarteko Jaialdiarekin batera. Artistentzat oso plataforma garrantzitsua da, bai ikusgarritasunagatik eta baita nazioarteko kulturgileekin networking aukeragatik ere, baina konpainiek ahalegin ekonomiko handia eta antolakuntza ona egitea beharrezkoa da ikusgarritasuna izateko. Fringe-ra bertaratzen diren mundu osoko enpresa gehienek inbertsio ekonomiko handia egiten dute bertan egoteko. Gure kasuan, Etxepare Euskal Institutuaren eta ADDEren laguntzari esker, hautatutako konpainiek honako baldintza hauek izango dituzte:
- Assembly Festival Fringek emanaldietan jasotako guztizko txarteldegiaren % 50 emango die konpainiei.
- Etxepare Euskal Institutuak osoki hartuko ditu bere gain:
- Konpainien erregistro gastua, ostatua, joan-etorriko hegaldia, eta dietak (80 € eguneko/pertsonako). Aparteko behar teknikoen gastua ere (egongo balitz).
- ADDEk dantzari bakoitzeko denera 600 €-ko (BEZ barne) pizgarria ordainduko dio konpainia bakoitzari (gehienez 3 pertsona), babes-poltsa gisa, aurrez faktura bat aurkeztuta, egonaldi osoagatik.
- Banatzaile/ekoizle/laguntzaile bat jarriko du Etxepare Euskal Institutuak euskal konpainien zabalkundean Edinburgon laguntzeko 2 astetan zehar.
Proposamenak jasotzeko epea 2026ko otsailaren 11n amaitzen da (berau barne hartuta). Xehetasun guztiak hemen daude eskuragai.