EFM – Berlinale 2022: Basque. Audiovisual

Euskara. Kultura. Mundura.

EFM – Berlinale 2022: Basque. Audiovisual
  • 10
    Ots 2022
    17
    Ots 2022
    Berlin

Ikus-entzunezko industriaren topaketa nagusienetakoa den European Film Market otsalaren 10etik 17ra egingo da Berlinaleren baitan. Aurten ere, Basque. Audiovisual.-ek euskal ekoizpen esanguratsuenak eramango ditu.
Aurten online ekitaldiak aurrez aurreko proiekzioekin uztartuko dira. European Film Market edo Berlinale Talents bezalako atalak online egingo dira.

Aurreko edizioetan bezala, Basque. Audiovisual. euskal zinemaren markak standa izango du (aurtengoan stand birutala) Berlinaleko merkatuan, Cinema from Spain atariaren barne, nazioarteko eragileei azaltzeko zer nolako pizgarri fiskal eta laguntza-sistemak dauden euskal lurraldean, baita nazioarteko industriaren zerbitzura dauden tresnen eta elkarteen berri emateko ere.

Berlinaleren 72. edizio honetarako Basque. Audiovisual. katalogoaren bertsio berri bat ere prestatu da, non garapen fasean nahiz eskuragarri dauden euskal proiektuak eta Kimuak 2021 film laburren hautaketa biltzen diren. Argitalpen hori programatzaileen, nazioarteko salmenta-eragileen, plataformen eta sektoreko beste eragileen eskura jarriko da. 

Era berean, nabarmentzekoa da Berlinalek bi euskal zinegile izango dituela: Alauda Ruiz de Azúa eta Esti Urresola.

Panorama izeneko atalean, kontzientziak astindu nahi dituzten filmak erakutsiko dituzte, baita ikusleei zinema ikusteko ohituretan eta pentsamenduan desafioa egiten dieten lanak ere. Atal honetan, Alauda Ruiz de Azúa zinemagile bizkaitarraren ‘Cinco lobitos´ filmaren mundu mailako estreinaldia egingo da. Sayaka Produccionesek, Encanta Filmsek, Buena Pinta Mediak eta RTVEk ekoitzitako lana da eta kontziliazio arazoak dituen hogeita hamar urte inguruko ama baten istorioa kontatzen du. Protagonista bere gurasoen etxera itzultzen da, bere umeaz arduratzen den bitartean bera zainduko duten itxaropenarekin.

Esti Urresola berriz Berlinale Co-Production Marketeko hemeretzigarren edizioan izango dela, otsailaren 12tik 16ra. Laudioko zuzendariak merkatuan parte hartuko du ´20.000 especies de abejas’ (Gariza Films eta Inicia Films) bere lehen film luzearekin. Identitateari buruzko kontakizuna da, eta Luciaren istorioa azaltzen du. Zakila duen neska da, baina eskolako ikaskideek Aitor deitzen diote. Berlinen, nazioarteko ekoizle potentzialak, finantzaketa-funtsetako ordezkariak, streaming plataformetako zuzendariak, salmenta-agenteak eta telebista-kateetako arduradunak ezagutzeko aukera izango du, sektoreko beste profesional askoren artean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu