EH Sona jaialdiak euskal musikaz beteko du Bartzelona beste urte batez
Euskara. Kultura. Mundura.
“Jar dezagun herri hau dantzan!” Glaukoma taldearen esaldia goiburu gisa hartuta, EH Sona jaialdiak 21. edizioa ospatuko du azaroaren 9tik abenduaren 14ra bitarte. Urtero bezala, hainbat euskal taldek kontzertuak eskainiko dituzte Bartzelonako areto ezberdinetan, eta musikaz gaindiko zenbait ekintzaz ere gozatu ahal izango da Alter EH Sona gune paraleloan.

Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen jaialdi hau Euskal Herritik kanpo ospatzen den euskal musika jaialdirik handiena da, eta euskal musika ezagutzera eman eta euskal kultura eta Kataluniakoaren artean konplizitatea eraikitzeko helburua du. Bi bloketan banatuko da aurten EH Sona: batetik, hirian zehar sakabanatutako aretoetan Euskal Herritik joandako taldeek eskainiko dituzten kontzertuak; eta bestetik, Alter EH Sona izenpean, musika hutsetik at geratzen diren tailer eta emanaldiak.
Kontzertuei dagokienez, aurtengo programazioan talde hauek hartuko dute parte: Zizel, Aneguria, Lilit i Dionis, Su ta Gar, Liher, Smoking Souls, Willis Drummond, Kepa Junkera, Glaukoma eta Doctor Deseo. Kontzertuen egutegia jakiteko klikatu hemen.
Alter EH Sona gunean bestalde, bi ekintza egingo dira. Batetik, argazkigintza tailerrak, Euskal Herritik joango diren kontzertu argazkilari batzuek eskainita: Ikor Kotx, Igotz Ziarreta eta Eider Iturriaga. Tailerretan izena ematen dutenek, kontzertu batzuetarako sarbidea izango dute tailerreko irakasleekin batera, argazkiak atera ahal izateko. Bestetik, 2 Princeses Barbudes taldeak ipuin kontaketa eta musika nahasten dituen Enaren Kontuak emanaldia eskainiko du. Alter EH Sona izenpean eskainiko diren emanaldi eta tailerren egutegia jakiteko, klikatu hemen.
Bartzelonako Euskal Etxeak Etxepare Euskal Institutuaren laguntza jaso du EH Sona jaialdia antolatzeko.