Eneka Fernandezek eta Raisa Alavak egonaldi artistikoa egingo dute Wroclawn
Euskara. Kultura. Mundura.
Seigarren urtez, bi euskal artistak proiektu bana garatuko dute Poloniako Wroclaw hirian, AIR Wro (Artists in Residence Programme) programaren baitako udako egonaldietan. Hautatutako artista horiek Eneka Fernandez eta Raisa Alava dira, eta aurtengo programaren gaiarekin lotuta, auto-edizioan oinarritutako ekintza kultural bana burutuko dute biek.
Seigarren urtez, bi euskal artistak proiektu bana garatuko dute Poloniako Wroclaw hirian, AIR Wro (Artists in Residence Programme) programaren baitako udako egonaldietan. Hautatutako artista horiek Eneka Fernandez eta Raisa Alava dira, eta aurtengo programaren gaiarekin lotuta, auto-edizioan oinarritutako ekintza kultural bana burutuko dute biek.
Polonia eta Euskal Herriaren arteko elkarlana 2014. urtean hasi zen, Donostia eta Wroclaw 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko prestaketak medio. Ordutik 13 euskal artistak egin dute egonaldia Wroclawn AIR Wro programaren bidez. Culture Zone Wroclaw erakundeak kudeatzen du programa gaur egun, eta Etxepare Euskal Institutuak Donostia 2016ren legatu bezala eman die jarraipena egonaldi hauei. Horrela, euskal artistei euren prestakuntzarako eta euren lanaren zabalkunderako plataforma eskaintzen die Institutuak eta mugikortasuna, kultura arteko elkarrizketa eta nazioarteko elkarlana sustatzen ditu.
AIR Wro programak, aurtengo udako egonaldien gaiari Self-publishing laboratory edo Auto-edizioaren laborategia izena jarri dio. Auto-edizioa gero eta praktika zabalagoa da europar hiri modernoetan; eta guztiz lotua dago diseinu grafikoan, narrazio alternatiboan edota D.I.Y (Do It Yourself, edo Egin Ezazu Zuk) proiektuetan aritzen diren artistekin. Interneten sarbide masiboak, gainera, plataforma paregabea eskaini die diseinatzaile eta artista horiei, haiek sortutako lanak euren kabuz zabaldu ahal izateko. Egun, kultura independentearen eta mugimendu sozialen tresna garrantzitsuenetarikoa da auto-edizioa.
Eneka Fernandezek (Pasaia, 1977) sei asteko egonaldia egingo du Wroclawn, eta bere proiektuaren helburua hiriko auto-edizio eszenaren mapaketa edo erregistroa egitea izango da. Bertan, auto-edizio munduan ibiltzen diren agente eta artista guztiak identifikatu eta mapa digital eta fisiko batean kokatuko ditu. Ostera, “Auto-edizioen klinika” deitu duen topaketa bat antolatuko du, non auto-edizioaren prozesuan arazo edota dudak izan dituzten agente eta artistek, ezagutzaren elkartrukearen bidez, eragozpen horiei irtenbideak aurkituko dituzten. Ekintza horrek bere egonaldiaz gaindiko jarraipena izan dezan espero du Fernandezek, hiriaren auto-edizio eszenari etorkizunerako ekarpen bat egitea baita bere helburua.
Raisa Alavak (Zuhatza, Aiara, 1990), aldiz, hiru asteko study visit edo ikerketarako bisita bat egingo du Poloniako hirira. Alava Ilustrazioa eta Komikigintza ikasitakoa da, eta eskarmentua du fanzineak sortzen. Bere bisitaldian, besteak beste, bi eguneko tailer ireki bat eskainiko du, eta bertan fanzine bat sortzeko prozesua zein den aztertuko dute (gidoia, ilustrazioa, zabalkundea), amaieran partaide bakoitzak horietako bat egiteko helburuarekin.