Eneko Atxari buruzko dokumentala Berlinalen

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-02-13

Soul dokumentalak ireki zuen atzo Berlinaleko Culinary Cinema atala. Orreaga Filmak eta Nasa Producciones ekoizpen etxeek koprodukzioan egindako lan honek bi protagonista ditu: Eneko Atxa, 39 urteko sukaldari euskalduna eta Jiro Ono, 90 urteko sukaldari japoniarra. Biak hiru Michelin izarren jabe dira.

José Antonio Blancok eta Ángel Parrak zuzendutako dokumentalak Eneko Atxaren bidaia gastronomikoa kontatzen du. Bidaia horrek Azurmendi jatetxeko chef-a Japoniara darama, Michelin izar gehien dituen herrialdeetako batera. Bertan gastronomia esperientzia ia mistikoa da eta historiari, tradizioei, kulturari eta sustraiei oso loturik dago. Jiro Ono, sushiaren maisua, ezagutu eta Tokioko toki adierazgarriak bisitatuko ditu Atxak, hala nola, Tsukiji arrain merkatua edo Mibu jatetxea, munduko esklusiboena. 

2015 urtean, dokumentala oraindik gauzatu gabe zegoelarik, Sunny Side of the Doc azokan izan zen, beste 10 proiekturekin batera, Eikenek eta Etxepare Euskal Institutuak urtero antolatzen duten Basque Audiovisual standean. Bertan, Orreaga Filmak ekoizpen etxeko ordezkariek dokumentala burutzeko bazkideak eta finantzabideak landu zituzten. 

Ikus-entzunezko azoketan euskal ekoizpen etxeen presentzia sustatuz, Etxeparek euskal produkzioak ezagutzera eman eta hauek aurrera eraman ahal izateko euskal profesionalak munduko eragile eta erakundeekin harremanetan jartzea ditu helburu.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu