Etxepare Euskal Institutua Ertamerika eta Hego Amerikako Euskal Etxeen Eskualdeko Bileran

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-11-01

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azaroaren 2an Mar de Platan (Argentina) burutuko den Ertamerika eta Hego Amerikako Euskal Etxeen Eskualdeko Bileran hartuko du parte.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azaroaren 2an Mar de Platan (Argentina) burutuko den Ertamerika eta Hego Amerikako Euskal Etxeen Eskualdeko Bileran hartuko du parte.

2019an Bilbon egingo den Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarrerako prestakuntza izango den topaketa honetan Latinoamerikako 50 euskal etxetako ordezkariak elkartuko dira. Besteak beste, Argentina, Txile, Uruguay, Venezuela, Brasil, Peru, Kolonbia, Kuba eta El Salvadorretik iritsiko dira ordezkaritzak.

Topaketa lan-bilera trinko bat izango da.  Euskal etxeen funtzionamenduari loturiko eta Eusko Jaurlaritzaren programen inguruko hainbat gai eta proposamen jarriko dira mahai gainean elkarrekin mintzatu eta lantzeko, betiere begirada datorren urteko urrian Bilbon egingo den Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarrean jarrita.

Duela hilabete batzuk Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartu zuen Euskara Munduan programaren kudeaketa. Egitasmo honek munduko euskal etxeetan euskara sustatu eta berreskuratzea du helburu. Larrazak institutuaren misioa eta funtzioak azalduko ditu biltzarrean, baita aipatutako programaren inguruko berritasunak ere. Horrekin batera, topaketa baliatuko du euskal gizataldeekin eta euskal etxeekin harremana estutzeko eta etorkizunera begira elkarlanerako bideak lantzeko, izan ere, euskara eta euskal kultura ezagutzera emateko foku garrantzitsua baitira zentrook.

Halaber, Argentinara egingo duen bidaian, kultura eta unibertsitateen alorreko hainbat ordezkarirekin ere batzartuko da Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria elkarlanerako aukerak lantzeko asmoz. Besteak beste, CONICET, Fondo Nacional de las Artes, Centro Cultural Kirchner, Festivales de Buenos Aires eta Centro Cultural San Martin erakundeetako ordezkariekin egingo ditu bilerak.

Euskal Astea Mar de Platan

Ertamerika eta Hego Amerikako Euskal Etxeen Eskualdeko Bilera Mar de Platako Euskal Astearen ekitaldi nagusien atarikoa izango da. Urriaren 10etik ari dira ospatzen kultur jarduera zabalarekin (pilota txapelketak, literatura ekitaldiak, mus txapelketak, hitzaldiak, kontzertuak…), baina azaroaren 2an hasiko dira ospakizun handiak.

Ertamerika eta Hego Amerikatik iritsitako ordezkaritzekin batera Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariek ere hartuko dute parte, Iñigo Urkullu Lehendakariarekin batera.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu