Etxepare Euskal Institutua Frankofoniaren Mundu Erakundearen nazioarteko biltzarrean

2025/05/26

Euskara. Kultura. Mundura.

Bi urtean behin, Frankofoniaren Nazioarteko Biltzarrak frantsesa hitz egiten duten herrialdeetako kultura ministroak batzen ditu kultura-politiken arloko esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko asmoz.

Maiatzaren 22 eta 24 bitarte, nazioarteko ordezkariekin hitzorduak eta topaketak izan ondoren, konferentzia 24an amaitu da 93 estaturen presentziarekin, Frankofoniaren Nazioarteko Erakundearen (OIF) zuzendaritzapean.

Quebec-en hiru egunez egin den biltzarrean, lehen aldiz parte hartu du Euskadik gonbidatu berezi gisa. Bertan egon dira Ibone Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburua, eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.

Lehendakariordeak ingurune digitalean euskararen eta euskal kulturaren presentzia handitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen apustua azaldu du, bere esanetan ‘Interneten ez dagoena, ez da existitzen belaunaldi berrientzat’.

Ildo horretan, digitalizazioa kultura-aniztasunak adierazpen-bide berriak aurkitzeko aukera dela definitu du kultura frankofonoko ministroen artean. Era berean, topaketak eredu kulturalak kontrastatzeko eta etorkizuneko erronkak partekatzeko balio izan duela azaldu du.

Euskal kultura frankofoniaren munduan sustatzeko, nazio frankofonoekin harremanak sendotzeko eta frantsesezko herrialdeetan euskararen presentzia handitzeko Etxepare Euskal Institutuak garatutako ‘Ça colle au basque’ egitasmoa dela eta gonbidatu dituzte Euskadiko ordezkariak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu