Euskal literatura nazioartean sustatzeko laguntzak

2025/05/08

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskal literaturaren itzulpena eta nazioarteko zirkulazioa sustatzeko helburuz hainbat laguntza-lerro plazaratu ditugu. Laguntza hauekin euskal literaturaren nazioartekotze-prozesuaren fase guztietan eragin nahi dugu eta eragileei (idazle, itzultzaile, editore, argitaletxe) prozesu osoan zehar lagundu, kanpoko argitaletxeen interesa pizteko lehen laginetik hasita, obra horien nazioarteko hedapenera arte.

2025ean 91.000 euro bideratuko ditugu euskal letrei gure mugetatik kanpo bide berriak irekitzeko ahaleginean idazle, itzultzaile, argitaletxe eta agente literarioei laguntzeko.

Hauek dira laguntzak eta bakoitzaren ezaugarriak:

1-AT! Itzulpena: literatura laginak

Lerro hau euskaraz idatzitako lanen pasarte edo laginen ingelesezko edo frantsesezko itzulpenak egiteko da. Itzultzaile, argitaletxe eta agenteei literatura-lanak nazioarteko editore potentzialei aurkezteko materiala prest edukitzen laguntzea du helburu.

Guztira 8.000 euroko aurrekontua du eta idazle, itzultzaile, argitaletxe eta agenteek eskatu dezakete. Laginek ezingo dute jatorrizko lanaren %15a gainditu.  Epea 2025eko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik.

Irakurri gehiago

2-AT! Itzulpena: literatura

Deialdi honek euskal literatura lan osoen itzulpena eta argitalpena du ardatz. Nazioartean euskal literatur lanak beste hizkuntza batzuetan argitaratu nahi dituzten argitaletxei zuzenduta dago.

Bi kasuistika jasotzen ditu:

  • Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako lanak beste edozein hizkuntzatara itzultze
  • Euskal Autonomia Erkidegoko egileek gaztelaniaz idatzitako eta argitaratutako lanak euskara ez den beste hizkuntza batera itzultzea.

Guztira 63.000 euroko aurrekontua du eta laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira deialdian jasotako irizpideei jarraituz. Deialdia ekainaren 5era arte egongo da zabalik.

Irakurri gehiago

3-Ça Colle au basque

Lurralde frankofonoetan euskal kulturaren ikusgarritasuna sustatzea helburu duen Ça colle au basque egitasmoaren baitan deialdi espezifiko bat plazaratu dugu euskaraz idatzitako lanen frantseserako itzulpena, argitalpena eta zabalkundea sustatzeko.

Euskal Herriko nahiz atzerriko argitaletxe, idazle, itzultzaile edo agenteek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, eta prozesua hiru fasetan gauzatuko da:

  • Hautatutako pertsonek eremu frankofonoko argitaletxeak aztertuko dituzte
  • Lanaren lagin bat itzuliko da (beharrezkoa bada)
  • Argitalpen-konpromisoa gauzatuko da argitaletxearekin

Hiru urtez egingo da eta urtero 20.000 euroko aurrekontua izango du. Lehen edizioaren epea uztailaren 7ra arte egongo da zabalik.

Irakurri gehiago

4-AT! Literatura

Gainera, itzulpenak sustatzeko laguntza-lerro hauen osagarri gisa, AT! Literatura deialdia ere zabalik dago. Azken deialdi honen bidez, egile, itzultzaile eta argitaletxeek laguntza jaso dezakete atzerriko azoketan, jaialdietan eta bestelako sustapen ekitaldietan parte hartzeko mugikortasunean.

Irakurri gehiago

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu