Zabalik da euskal musikaren nazioartekotzea aitortzeko deialdia
2025/12/16
Euskara. Kultura. Mundura.
2026ko Etxepare Euskal Institutua Musika Saria martxan da dagoeneko. Iragan abenduaren 9tik hasita 2026ko urtarrilaren 22ra arte, proposamenak bidaltzeko aukera dute euskal musika eszenako eragileek. Sariketa honetan artista edo talde batek euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lana aitortu nahi da.
Etxepare Euskal Institutua musika saria beste ekimen baten baitan antolatzen da: Musika Bulegoa Sariak. Aurten ere, 11 artista edo musika talderen lana aitortuko da 10. edizioan, euskal musikaren sektoreari balioa ematea xede. Horrez gain, artisten sorkuntza sustatu, beren lana ezagutzera eman eta erakusleiho izan asmo du sariketak.
Hamaika sari banatzen dira guztira Musika Bulegoa sarietan, horietatik zortzi epaimahai profesional batek ematen ditu, eta baita EHMBEk emandako ohorezko saria ere, musikan egindako ibilbide nabarmenagatik. Herri bozketaren bidez aukeratutako publikoaren saria ere banatzen da. Hala musika-lanei dagozkien 8 saridunek nola Etxepare Euskal Institutua Musika Sariaren garaileak 2.000 euroko ordainsaria eta Fernando Mikelarenak diseinatutako eskultura bana jasoko dute. Sari banaketa Miarritzeko Atabal aretoan izango da, 2026ko ekainaren 4an.
2025. urteko edizioan, Izarok eskuratu zuen Etxepare Euskal Institutua musika saria. Epaimahaiak haren ekarpena nabarmendu zuen: “Euskara eta euskal kultura lurralde eta esparru berri, anitz eta ez ohikoetara eraman du. Bere talentu, sentsibilitate eta presentzia indartsuarekin, nazioarteko agertokietan aritu da, euskara beste hizkuntza batzuekin uztartuz, bideak irekiz, zubiak eraikiz, ahotsak batuz”.
Sortzaile bizkaitarraz gain, honako sortzaile hauek ere suertatu ziren Musika Bulegoak sarietan onuradun:
- Soinuak Haizean, musika klasikoa haur eta gazteen artean zabaltzeko lanagatik
- Olatz Salvador, ‘Zainak eman’ diskoarengatik
- Verde Prato, ‘Erromantizismoa’, Bronquiorekin elkarlanean
- Bloñ, ‘Bañolet kantuz’ (zuzenekoa), kalitatea eta originaltasuna
- Libe, ‘Azal ezten’, nortasuna eta atmosfera propioa sortzeko gaitasuna
- Arineketan taldea, tradizioa eta berrikuntza nahasteagatik
- Eneritz Furyak, ‘hhh’: esperimentazioa eta sustraietatik datorren ahotsa uztartzeagatik
- Gorka Urbizu, ‘Hasiera bat’, konposizio sinpleetatik emoziorik konplexuenak pizteagatik
Gainera, publikoaren saria Zabaldika Laukoteak jaso zuen, eta Musika Bulegoaren Ohorezko saria Benito Lertxundik irabazi zuen bere ibilbidearengatik.