Etxepare Euskal Institutuak Frantziako Liburutegi Nazionalean ospatu du bere 15. urteurrena

2025/11/21

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuak bere 15. urteurrena ospatu du Parisen, Frantziako Liburutegi Nazionaleko (BnF) areto nagusian egindako ikuskizun artistiko baten bidez. 300dik gora lagun elkartu ditu ekitaldiak, kulturaren, erakunde publikoen, politikagintzaren eta euskal diasporaren ordezkaritza zabal bat bertan bildurik. Izan ere, gaur egun Parisko egoitza hori da ‘Linguae Vasconum Primitiae’ lehen euskarazko liburuaren gordailu.

Euskarak 1545ean argitaratu zen liburutik egun duen nazioarteko proiekziora arteko bidea irudikatu du ikuskizun artistikoak eta antzezlan musikatuaren zirrikituetan barrena hartu dute hitza Imanol Pradales lehendakariak, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak, BnF-ko presidente Gilles Pécoutek eta Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari Irene Larrazak. 

Bernat Etxepareren lanaren zutarri diren 15 silabako 15 poemek osatu dute ikuskizunaren ernamuina, inprentaren sorreratik gaurdaino euskarak munduarekiko izan duen ibilbidea gorpuztuz. Ikuskizunak berak askotariko sortzaileak taularatu ditu, Olatz Beobide antzerkigileak zuzenduta. Hala, Manu Gaigne musikagileak sortutako soinu-bandak paisaia sonoro anitzak irudikatu ditu, inprenta zaharren hotsak bezainbat euskararen egungo adieren soinuak konposatuz. Oinarri horretatik abiatuta ondu du Haatik dantza konpainiak koreografia, hizkuntza bizi baten eleek iradokitzen duten higidura eszenaratuta. Habia taldeak, halaber, ahotsa eta soinu-instrumentuak jarri ditu Bernat Etxepareren bertsoekin elkarrizketan. Horrez gain, Iurre Aranburu dantzariak osatu du agertokiko proiekzio bisuala, Patrick Fischerrek zuzeneko soinuaren diseinua, eta Aitz Amilibiak argiztapena.

Haatik dantza konpainia eta Habia musika taldea Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurren ospakizunean

‘Linguae Vasconum Primitiae’ lanaren olerki zenbait taularatu ditu sorkuntza taldeak, ‘Emazteen fabore’ eta ‘Kontrapas’ poemak, besteak beste. Izan ere, azken olerki hori 18 hizkuntza ezberdinetan entzun da BnF-ko areto nagusian, euskarak bertze mintzairetan nola ematen duen testigu, euskarazko lehen liburua 18 hizkuntzatara itzuli baita.

Ekitaldia dohaintza batekin borobildu da. Etxepare Euskal Institutuak Frantziako Liburutegi Nazionalari ‘Linguae Vasconum Primitiae’-ren 18 itzulpenak dohaintzan eman dizkio —itzulpenok Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak ahalbidetuak dira eta brailezko edizioa ONCErekin lankidetzan—. Ekintza horren bidez irudikatu da euskal hizkuntzak gainerakoekiko elkarrizketan aritzeko nor dela,  Etxepareren legatuaren gaurkotasuna berretsiz.

Euskararen eta euskal kulturaren proiekzioa hizpide

Ikuskizunak lehen lerroko ordezkarien hitzak hartu ditu agertokian. Lehendakariak, esaterako, Etxepare Euskal Institutuaren lana nabarmendu du, bai eta erakunde honek Sorbona unibertsitatean abian jarriko duen Esther Ferrer katedraren sorrera iragarri. Halaber, euskararen bizitasuna aldarrikatu eta Europako instituzioetan haren ofizialtasuna onartzea aipatu du. Lehendakariak halaber Etxepare Euskal Institutuaren ibilbidea azpimarratu du, “munduari nor garen erakusteko funtsezko tresna” baita, haren hitzetan. Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak hizkuntza eta kultura guztiak ezinbesteko direla adierazi du, eta erakundearen egitekoa ez dela begirada partekatze hutsera mugatzen erantsi, “gure nortasuna besteenarekin harremanetan jartzean” datzala argituz. 

Katedra berri bat Parisen

Ekitaldian bertan iragarri da Etxepare Euskal Institutuak Sorbonako Unibertsitatean Esther Ferrer izena eramango duen Euskal Ikasketen Katedra sortuko duela, nazioarteko ospea duen artista aitzindari honek euskal arte garaikideari egindako ekarpen paregabea aitortuz. Ekintza honek, besteak beste, Etxepare Euskal Institutuak frankofoniaren unibertsoan euskara eta euskal kultura sendotzeko konpromisoa berresten du, ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren baitan.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurren ospakizunean, Frantziako Liburutegi Nazionalean

Ordezkaritza zabala

Urteurren ospakizunak ordezkaritza instituzional, kultural eta diplomatiko ugaria izan du.  Ipar Euskal Herriko erakundeetako ordezkariak, Europar Parlamentuko kideak, eta Europako hainbat kultura-institututako ordezkariak ere bildu dira BnFn. Gisa berean, eremu akademikoko ordezkari zenbait izan dira ekitaldian. Gainera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari ohi Miren Arzalluz —egun Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria—, eta arlo artistikoan, Esther Ferrer sortzailea, Ramon Lazkano konpositorea eta Juan Perez Agirregoikoa artista erakarri ditu ospakizunak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>