Etxepare Euskal Institutua musika saria 2025: Izaro
2025/05/15
Euskara. Kultura. Mundura.
Hamaika euskal artista eta talderen lana aitortu dute Musika Bulegoa sarien bederatzigarren edizioan. Maiatzaren 14an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egindako sari banaketan Izarok eskuratu du Etxepare Euskal Institutuaren saria.
Etxepare Euskal Institutua Musika sariak euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzen duten sortzaileak saritzen ditu. Eta aurten, aho batez, aitortu dute Izaroren ekarpena.
Izaro Andres ez da soilik sortzaile eta abeslari bikaina. Euskara eta euskal kultura lurralde eta esparru berri, anitz eta ez ohikoetara eraman du. Bere talentu, sentsibilitate eta presentzia indartsuarekin, nazioarteko agertokietan aritu da, euskara beste hizkuntza batzuekin uztartuz, bideak irekiz, zubiak eraikiz, ahotsak batuz.
Hori guztiagatik (eta gehiago), euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioan egindako ekarpena aitortu zaio.
“Niretzat benetan hunkigarria da sari hau, ze azken urteotan asko gabiltza etxetik kanpo bueltaka, ordu asko familia “berri” batzuekin… Niretzako amets izugarri haundi bat da orain bizitzen ari garen hau, eta uste dut askotan ametsak hil egiten dira baliabide faltagatik. Eta ni benetan super eskertuta nago etxean eta etxetik kanpo ereiten laguntzeagatik; ezingo genuke egin Etxepare Euskal Institutua gabe, eta benetan, ahalik eta lorategi politenak ekarriko dizkizuet beti, eskerrik asko”.
Izaro Andres (Mallabia, 1993) unibertsitate garaian hasi zen gitarra jotzen eta musika konposatzen. Han eta hemen kontzertu akustikoak eman zituen garai horretan. 2016an bere lehen diskoa grabatu zuen: ‘Om’.
Hamar urte daramatza Izaro Andresek konpositore eta abeslari lanetan. Guztira, sei disko plazaratu ditu, zeinetan letrak euskaraz, gazteleraz edo ingelesez konposatu dituen: Om (2016), eason (2018), Limones en Invierno (2020), Limones de Oro (2022), cerodenero (2023) eta Izaro Gabonetan (2025).
Hainbat nazioarteko elkarlan egin ditu, Daymé Aroce, Alex Ferreira edo Bratty bezalako artistekin, eta bestelakoak ere egin ditu: pelikuletako soinu bandak sortu, dokumental bat protagonizatu eta zuzendu, nazioarteko birak prestatu, eta oholtza gainean dantzatu.
Nondik datorren ahaztu gabe, beti ziklo berrietara irekita , goiburu batekin lan eginez: samurtasunaren iraultza.
Musika Bulegoa Sariak
Musika Bulegoa Sarien helburuak dira, besteak beste, euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutzera ematea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea.
Hamaika sari banatzen dira guztira, horietatik zortzi epaimahai profesional batek ematen ditu, eta baita EHMBEk emandako ohorezko saria ere, musikan egindako ibilbide nabarmenagatik. Herri bozketaren bidez aukeratutako publikoaren saria ere banatzen da. Hurrengoak dira aurtengo sarituak:
- Soinuak Haizean, musika klasikoa haur eta gazteen artean zabaltzeko lanagatik
- Olatz Salvador, ‘Zainak eman’ diskoarengatik.
- Verde Prato, ‘Erromantizismoa’, Bronquiorekin elkarlanean
- Bloñ ‘Bañolet kantuz’ (zuzenekoa), kalitatea eta originaltasuna.
- Libe, ‘Azal ezten’, nortasuna eta atmosfera propioa sortzeko gaitasuna
- Arineketan taldea, tradizioa eta berrikuntza nahasteagatik
- Eneritz Furyak, ‘hhh’: esperimentazioa eta sustraietatik datorren ahotsa uztartzeagatik.
- Publikoaren saria: Zabaldika laukoteaGorka Urbizu, ‘Hasiera bat’, konposizio sinpleetatik emoziorik konplexuenak pizteagatik
Gainera, publikoaren saria Zabaldika Laukoteak jaso du, eta Musika Bulegoaren Ohorezko saria Benito Lertxundik irabazi zuen bere ibilbidearengatik.