Izarori elkarrizketa: “Euskara nire komunikazio kanal garrantzitsuenetarikoa da”

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-06-10

Hamar urte darama Izaro Andresek konpositore eta abeslari lanetan. Guztira, bost disko kaleratu ditu, zeinetan letrak euskaraz, gazteleraz edo ingelesez konposatu dituen. Bere azken lana ‘cerodenero’ (2023) da. Bertan, pop-a, folka, elektronika eta sustraiko musikaren kontrasteek betetako barne bidaia kontatzen du. Diskoa osatzen duten 12 abestiek poesia, metafora eta doinuekin lau etapatan banatutako bidaia emozional, sonoro eta kontzeptuala erakusten dute, igoerak, jaitsierak eta amorruz eta elektronikaz betetako zartadekin.

Aipatzekoak da lan honek publikoaren eta kritikaren artean izaten ari den arrakasta, tokiko ikusleen artean, baita nazioartekoen artean ere. Besteak beste, BIME Pro Bogotá azokan showcasea eskaini zuen maiatzean Basque. Music.-en eskutik, MIN Sarietan Euskarazko Diskorik Onenaren Etxepare Euskal Institutua saria jaso du eta saridun izan da 2024ko Musika Bulegoa Sarietan ere.

Nola sentitzen ari zara ‘Cerodenero’ lanak jasotzen ari den harrera?

Oso pozik. Oso eskertuta nago, aseta eta gogobeteta. Niretzat lan garrantzitsua izan da, bai artistikoki, bai pertsonalki. Osatze eta sendatze prozesu bat izan da, zaila, beharrezkoa eta ederra. Niretzako hain kuttuna den hori, nigandik kanpo ere, bere kabuz, ongi etorria dela ikustea oso hunkigarria izaten ari da niretzat. 

Diskoa elebiduna da. Zein da euskarak duen papera?

Euskara nire komunikazio kanal garrantzitsuenetarikoa da, nire izaera, pentsamendua eta mundu ikuskera eraikitzen duena. Ez naiz ni euskararik gabe, beraz, suposatzen dut bere papera dela nire existentzia bera. 

Cerodenero Kolonbiara eraman zenuen maiatzean, BIME Pro-ra, hain zuzen ere. Nolakoa da zuretzat azken lan hau hara eramatea?

Zirraragarria. Etxetik hain urrun leku bat duzula sentitzea zirraragarria da. Eta gainera nire lan-taldearekin partekatu ahal izatea bizitzaren opari bat. 

Nora eraman nahiko zenuke ‘cerodenero’?

Naraman lekura joango naiz pozik. Baina egia da ilusio berezia egingo lidakela herrialde eskandinaviarren batera heltzeak. Paisaia horiek izan dira nire iruditegia, uste dut bertakoa dela cerodenero-ren esentzia fisikoa, eta magikoa litzateke bertara heldu ahal izatea.

Etxepare Euskal Institutua eta sortzailea

Izarok BASQUE. MUSIC. plataformak antolatutako showcase-ean parte hartuko du 2024ko BIME Bogota azokan. Basque. Music. euskal musika Euskal Herritik kanpora zabaltzeko helburua duen plataforma da, Etxepare Euskal Institutuak, Musika Bulegoak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailak bultzatuta. 

Aurtengo MIN Sarietako Euskarazko Diskorik Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria irabazi du bere azken lanarengatik: cerodenero (2023)

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu