Gorka Urbizuk jaso du MIN sarietako Euskarazko Disko Onenaren saria

2025/04/30

Euskara. Kultura. Mundura.

Musika independentearen MIN sarietako Euskarazko Disko Onenaren saria irabazi du Gorka Urbizuk. Sari banaketa 2025eko apirilaren 29an egin zen Madrilen eta beste lau artista zeuden izendatuak kategoria honetan:  TOC (Jaioak Hiltea Zor), Ezpalak (Gatza), Olatz Salvador (Zainak Eman) eta Janus Lester (LORE).

‘Hasiera bat’ diskoarengatik eskuratu du Gorka Urbizuk saria. Abesti bilduma 2024an plazaratu zuen inolako abisu edo aurrerapenik gabe. Berri Txarrak taldearen kide zenaren lehen bakarkako lana da, eta horretan proposamen intimista egiten du. Soinu geruzak gehitu ordez, albumean biltzen dituen 11 abestiak erantzi, hustu eta kimatu ditu, euren soiltasuna agerian utziz.

Spotify-ko zerrenda hau ikusteko, cookie estatistikoak eta marketinekoak onartu behar dituzu. Cookie horiek onartzeko, sakatu botoi hau.

Gorka Urbizu (1977, Lekunberri) musikari eta ekoizle nafarra da. Berri Txarrak taldearen abeslari eta gitarra jolea izan zen taldeak izan zuen 25 urteko ibilbidean. Katamalo edo Peiremans+ taldeen parte ere izan da, haren sorkuntza eta bilakaera artistikoa agerian utziz. 2024an saritua izan den ‘Hasiera bat’ diskoarekin hasi zuen bere bakarkako ibilbidea eta 2025ean bi abesti biltzen dituen Bakan (I) albuma argitaratu du.

Euskarazko Disko Onenaren sarira hautatzeaz gain, Gorka Urbizu Urteko Disko Onena eta Musika-ekoizpen Onenaren sarira ere izendatuta zegoen.

Euskal kategoriatan ere lehiatu dira hainbat euskal artista: Klasikako Disko Onenaren saria kategorian Judith Jáuregi eta La Ritirata izan dira. Eta Musika Urbanoen Grabazio Onenaren sarian Ben Yart eta Chill Mafia.

Min sariak

Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen ditu MIN sariak 2009az geroztik, sariek Espainiar estatuan egindako ekoizpen independenteen sorkuntza, aniztasuna eta kalitate artistikoa aitortzen dute. Helburua talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna ematea, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzea da.

Euskal musikari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu