Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturako irakurletza berria zabalduko du Georgiako Tbilisi State University-n

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-11-03

Etxepare Euskal Institutuak Georgiako Ivane Javakhishvili Tbilisi State University-rekin 2020ko irailean sinatutako lankidetzaren ondorioz, 2021eko otsailean euskara eta euskal kulturako irakurletza berria zabalduko da bertan. Hori dela eta, azaroren 17an euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzeko deialdia egingo du Etxepare Euskal Institutuak, 2021-2022 ikasturtean bertako unibertsitatean aritu dadin, luzatzeko aukerarekin.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak nabarmendu duenez, Kaukasoko herrialde honek eta euskal kulturak “harreman handia” dute, baita linguistikoki ere, izan ere, “ezagunak dira·euskara-georgieraren arteko ustezko antzen inguruko ikerketak”. Eta horrek guztiak Georgian euskal kultura eta euskararekiko “interes berezia” piztu duela azpimarratu du Larrazak,  bereziki Tbilisiko unibertsitatekoekin harremanetan, “hasieratik proaktiboak izan direlako” lankidetza hau sortzeko: “Oso-oso ongi etorriak sentitu gara bertan, eta 2019an harremanak hasi zirenetik irakurletza hau sortzeko, erraztasun guztiak eman dizkigute”. Horregatik Larrazak uste du “oso irakurletza emankorra” izango dela, hango ikasleen aldetik “interes handia piztuko duena” eta “zubi-lana” egingo duena euskal eta georgiar kulturen arteko “harremanak sendotu ditzagun”.

Lanaldi osoko kontratua

Irakasleak lanaldi osoko ordukako kontratua izango du (asteko 15 ordu arte jardun akademikoetan), 2021eko otsailean hasi eta 2022ko abuztura arte, eta hala badagokio, luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea, Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta dagoelarik.

Horretarako, honako baldintzak bete beharko dituzte hautagaiek: 

Giza zientzien, Gizarte-zientzien edo Letretan gradu edo lizentzia bat (adibidez hizkuntzak, filosofia, historia, hizkuntzalaritza, itzulpengintza)  eta Giza zientzien, Gizarte-zientzien edo Letretan Masterra izatea. Euskara gaitasunean 3 HE edo C1 mailako egiaztagiri baliokidea izatea eta gutxienez ingeleseko C1 maila egiaztatua izatea. Hizkuntzalaritza arloan artikuluren bat argitaratua izatea edo arlo horretako konferentziaren batean hitzaldi batekin parte hartu izana egiaztatzea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioko (A Hizkuntza: euskara) Gradua edo lizentziak eta arlo horietako masterrak lehenetsiko dira, baita euskararen 4. HE edo C2 maila egiaztatuta izatea ere.

Irakurlea Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituen irakurletza sareko parte izatera pasako da: orotara 30 irakurlek osatzen dute sarea, nazioartean sakabanatutako 35 unibertsitate ezberdinetan.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egunez luzatuko da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (abenduaren 30ra arte).

Deialdia EHAAn.

Eskaera egiteko esteka.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu