Etxepare Euskal Institutuak Euskal Arte Sistemarekin duen konpromisoa berretsi du

2026/02/19

Euskara. Kultura. Mundura.

Artearen Euskal Sistema bultzatzeko konpromisoa berretsi dute erakunde publikoek eta euskal arte-museoek Gasteizen egindako agerraldian. Hala, Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak, Arabako Foru Aldundiak, Artium Museoak, Arte Ederren Bilboko Museoak, Guggenheim Bilbaok, eta Tabakalera zentroak artea aktibo kultural estrategiko gisa aldarrikatu dute, Euskadiren garapen komunitarioa, identitatea eta nazioarteko proiekzioa sustatzeko funtsezko ardatz gisa ulertuta. Horrez gain, eragile horien arteko lankidetzan oinarritzen den Bilduma Partekatua ekimenaren baitako artelanen erosketa berriak ere aurkeztu dituzte.

Euskal arte sistema sendo, bateratu eta lerrokatua egituratzeko emandako urratsak balioan jarri eta artea herri-kontakizun gisa kokatu dute bertaratutako ordezkariek, pentsamendu kritikorako gune bezainbat nazioartekotze-tresna dela aldarrikatuta. Halaber, erakundeen eta arte-zentroen artean garatutako lankidetzak euskal artisten ibilbidea laguntzea du xede, bai eta nazioarteko erreferentziazko arte-guneetan beren presentzia bermatzea ere.  

Gainerako eragileekin bat eginik, artea Euskal Herriaren nazioarteko proiekziorako aktibo garrantzitsuenetakoa dela aldarrikatu du Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, munduarekiko irudi garaikide, sortzaile eta irekia eraikitzea ahalbidetzen baitu. Nazioarteko proiekzio honek euskal artistengan du sorburu, baina baita arte-sistema egonkor, koordinatu eta anbiziotsu batengan ere. Izan ere, erakunde publikoek, euskal arte-museo nagusiek eta Etxepare Euskal Institutuak lerrokatuta dihardutenean, euskal artea nazioarteko kultur agertoki nagusietan kokatu eta aintzatetsia izateko gaitasuna biderkatu egiten da. Lankidetza hori ezinbestekoa da Euskal Herria arte zirkuitu globaletan presente egoteko eta ahots propioz jarduteko, mundu mailako izaera duten arte-bienaletan, esaterako: Venezian, São Paulon, Sydneyn, eta abar.

Bilduma Partekatua

Bilduma Partekatua erakundeen arteko lankidetza-proiektu bat da, arte garaikideko museoen eta zentroen arteko ekintza koordinatua sustatzea abiapuntu duena. Ekimenak euskal artisten artelanak erosi eta ondare historiko-artistiko publikoa sortzeko gaitasuna du. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2020an sortu zuen bilduma, eta urtero aberasten eta eguneratzen da. Aurten, 2025. urtean egindako artelanen erosketak aurkeztu dira, programaren funtsa handitu dela jakinarazita: 21 artistaren 31 lanek osatzen dute Bilduma Partekatua. Programa honek ere euskal artearen sistema bizia ikusarazten du.

Euskal arteari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>