Europa osoko adituak ekarriko ditu Donostiara Terminologia Gailurrak
Euskara. Kultura. Mundura.
Terminologia Gailurra bi urtean behin egiten da Europako leku desberdin batean, eta bertan biltzen dira Europar Batasunean eleaniztasuna sustatzeko plataforma sendo baten alde terminologiaren arloan lan egiten duten erakunde eta organismo guztiak. Aurten Donostian egingo da Terminologia Gailurra, Kursaal Jauregian, azaroaren 22an eta 23an
Terminologia Gailurra bi urtean behin egiten da Europako leku desberdin batean, eta bertan biltzen dira Europar Batasunean eleaniztasuna sustatzeko plataforma sendo baten alde terminologiaren arloan lan egiten duten erakunde eta organismo guztiak. Aurten Donostian egingo da Terminologia Gailurra, Kursaal Jauregian, azaroaren 22an eta 23an.
3M4Q: Making, Managing, Measuring Terminology. In the pursuit of Quality lelopean, kalitatea izango da hizpide nagusia aurtengo gailurrean, lan terminologikoan, beste hainbat lan-jardueratan bezala, ezinbestekoa baita egindako lanaren kalitatea eta arrakasta ziurtatzea, eta lan horren emaitzak zein puntutaraino arrakasta izan duen neurtzea. Europa osoko adituek gai horren inguruan eztabaidatzeko aukera izango dute, Europako Terminologia Elkarteak (EAFT) deituta.
Lehen aldiz Euskal Herrian egingo den gailurrean, besteak beste, Norvegia, Finlandia, Eslovenia, Suitza, Suedia eta Kroaziatik iritsitako adituak elkartuko dira, baita Kataluniakoak eta Euskal Herrikoak ere. Horrela, euskarazko terminologiaren arloan egindako lana nazioartean ezagutarazteko baliagarria izango da gailurra. Besteak beste, terminoen ezarpena neurtzeko UZEIk garatutako teknologiak izan dezakeen erabilgarritasunaz hitzaldia emango du Iker Etxebeste euskal terminologoak.
Irekiera-ekitaldian Estibaliz Alkorta Euskera Sustatzeko zuzendariak, Henrik Nilsson Europako Terminologia Elkartearen lehendakariak, eta Jon Etxabe UZEIko lehendakariak hartuko dute hitza. Gaiaren inguruko debatea bi egunez luzatuko da, euskaraz, ingelesez eta frantsesez hitz egingo duten nazioarteko erakunde eta enpresetako 20tik gora hizlarirekin. Guztira, 100dik gora profesionalek eman dute izena gailurrean.
Halaber, Nazioarteko Terminologia Sariak ere emango dira gailurrean: Europako Terminologia Elkarteak bi urtean behin aitortzen ditu sari horiekin terminologia praktiko nahiz teorikoko ikerketa-lan onenak, izen handiko adituz osatutako nazioarteko epaimahai batek aukeratzen dituenak.
Auzolanean antolatutako gailurra, Euskaraldiaren atarian
EAFT Europako Terminologia Elkartearen kide da UZEI, eta hori dela-eta, egingo da aurten Donostian Terminologia Gailurra. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren, IVAPen, Donostiako Udalaren eta Frantziako Gobernuaren babesa jaso dute UZEIk eta EAFTek.
Gainera, Etxepare Institutuarekin lankidetzan, gailurrean parte hartuko duten profesionalek «Lehen pausoak euskaraz: ibilbide bat Donostian» ekitaldi sozialean parte hartzeko aukera izango dute azaroaren 22an: ingelesez eta frantsesez (horiek baitira Terminologia Gailurraren hizkuntza ofizialak) euskarari buruzko oinarrizko ikastaroa hartuko dute hirian zehar oinez egingo duten ibilbidean. Etxepare Institutua ere bisitatuko dute, eta biharamunean hastekoa den Euskaraldiarekin bat egiteko aukera izango dute bertan.