Euskal arte eszenikoek irabazi dute, berriz, Max Sarietan

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-10-05

Ia 50 euskal konpainia eta sortzaile proposatu zituzten aurtengo Arte Eszenikoetako Max sarietarako. Zehazki, 14 konpainiak eta 31 artistek jaso dituzte hautagaitzak hainbat kategoriatan. Azkenean, Bilboko Arriaga antzokian egindako Max Sarien XXIV. edizioaren irabazleak izan dira: Alfredo Sanzol, Deabru Beltzak konpainia, Iratxe Ansa eta ´Kutsidazu bidea, Ixabel´ euskal musikala, Demode Produzkioak konpainiarena.

Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak zuzendutako ekitaldian, Deabru Beltzak-en ‘Symfeuny’-k irabazi du Kale Ikuskizun Onenaren saria; Iratxe Ansa dantzaria emakumezko dantza interpreterik onena aukeratu dute ´Biluzik´ lanagatik; eta Ikuskizun Musikal edo Lirikarik Onena Demode Produkzioak-en ‘Kutsidazu Bidea Ixabel, Musikala’ antzezlanarentzat izan da.

Aurtengo Max Aficionado edo Gizarte Saria Donostiako Teatro Estudiorentzat izan da, eta Manolo Gómezek jaso du. Gainera, Antzerki Ikuskizun Onenaren eta Antzerki Egile Onenaren saria ‘El bar que se tragó a todos los españoles’-ek jaso du, Alfredo Sanzol antzerkigile eta zuzendari nafarrak Centro Dramático Nacional delakoarentzat sortutako obrak, hain zuzen.

Arte Eszenikoen Max Sariak SGAEk (Egileen eta Editoreen Elkarte Nagusiak) sortu zituen profesionalen lana eta arte eszenikoen arloan urteko ekoizpen aipagarrienen kalitatea saritzeko eta aitortzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu