Euskal arte garaikidearen topaketa egin dute Madrilgo ARCO azokan

2026/03/06

Euskara. Kultura. Mundura.

ARCO Madrid Arte Garaikideko Nazioarteko Azokak martxoaren 4tik 8ra ireki ditu ateak IFEMA aretoan bere 45. edizioan.

Eta, aurten ere, euskal ordezkaritza zabala bertaratu da mundu mailako hitzordura: ehundik gora artista, galerista, museoetako arduradun, komisario, bildumagile eta kultura-eragile eta -erakundeetako ordezkari bildu ditu topaketak. Hala, Euskal Herriko ekosistema artistikoa nazioartean hauspotu eta Artearen Euskal Sistemaren kanpo-proiekzioa azaleratu dute euskal artearen sektoreko eragileek Madrilen.  

Izan ere, Euskal Arte Sistema osatzen duten eragileek iragan otsailaren 19an Gasteizko Artium museoan agertutako konpromisoari jarraipena ematen dio ARCO Madrid gisako erakusleihoak. Testuinguru horretan kokatzen da, hain zuzen ere, erakundeek euskal artistei eman beharreko babesa, bai eta euskal arte-ekosistemaren nazioarteko proiekziorik behinena ere. Azken horri dagokionez, BASQUE. ART. estrategiaren eskutik gorpuzten da Madrilgo ARCOn erakusgai jarri den euskal sortzaileen artelan andana.

Zentzu berean, ARCOko hitzorduan Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri aurreratu ditu,  eta horien artean dago Euskal Herriko arteak nazioartean izan behar duen presentzia indartzea. Artisten eta kultura-eragileen ibilbideak hauspotzeko, zehazki, euskal arteak nazioarteko zirkuituetan eta espazioetan izango duen partaidetza areagotu beharra jartzen du ezinbesteko mugarri gisa. Ondorenez, sistema artistiko kontektatuago eta aintzatetsiagorantz aurrera egitea ahalbidetuko luke horrek guztiak.

Basque. Art.

ARCOn egindako topaketa Basque. Art. estrategiaren baitan eman da. Izan ere, artearen Euskal Sistema indartzeko lau lan-ildo jorratzen ditu Basque. Art. estrategia partekatuak: Euskadiko artearen nazioarteko proiekzioa; talentu artistikoaren aitortza eta babesa; artearen eta herritarren arteko konexioa; eta museoen eta arte- eta sorkuntza-zentroen arteko lankidetza. Hein berean, Basque. Art. estrategiarekin lotzen den argitalpena aurkeztu da, zeinak arte plastikoen eta ikusizkoen eremuan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestutako argitalpen-proiektuak eta argitalpenak biltzen baititu.

Segizio zabala

Espainiako hiriburuan ospatzen den arte garaikidearen nazioarteko erakusleihoan, euskal delegazio oparoa osatu dute bertaratutakoek. Horien artean izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariorde eta Kultura sailburu Ibone Bengoetxea eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza, bai eta Euskal Herriko museo eta arte-zentroetako arduradunak ere, hala nola, Miren Arzalluz (Guggenheim Bilbao Museoa), Miguel Zugaza (Bilboko Arte Ederren Museoa), Beatriz Herráez (Artium Museoa), Edurne Ormazabal (Tabakalera), Susana Soto (San Telmo Museoa), eta Mireia Massagué (Chillida Leku Museoa). Horiez gain, Euskal Herriko artista, galerista eta sektoreko profesionalak ere nabarmendu dira, besteak beste, Alain Urrutia, Asier Mendizabal, Damaris Pan, Gala Knörr, Ines Medina, Juan Perez Agirregoikoa, June Crespo, Mari Puri Herrero, Prudencio Irazabal artisten artean, eta Guillermo Carreras, Gregorio Cibrian eta Cy Schnabel, galeristen artean.  

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>