Etxeparek BASQUE. Creativity & Culture aurkeztu du, euskal kultura nazioartean proiektatzeko aldizkaria

2026/02/27

Euskal Herriko sorkuntza garaikidea nazioarteko publikoari hurbiltzeko xedea du Etxepare Euskal Institutuaren argitalpen berriak, formatu elebidunean (euskara-ingelesa).

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuak BASQUE. Creativity & Culture aurkeztu du, helburu argi batekin sortutako urteko aldizkaria: euskal kultura eta sorkuntza garaikidearen bizitasuna munduarekin partekatzea. Euskaraz eta ingelesez elebitan argitaratua, aldizkariak Euskal Herriko kultur ekosistemari buruzko begirada zaindua eta gaurkotua eskaintzen du, sortzaileengan eta tokikoa eta globala bat diren istorioetan arreta jarriz.

Bilduma nazioarteko publikoari zuzenduta dago eta euskal sorkuntza garaikidea kultur sektoreko profesionalei eta sare akademikoei hurbiltzea du helburu. Euskarri digitalean eskuragarri egongo da etxepare.eus eta basqueculture.eus webguneetan, eta, gainera, tirada mugatuko paperezko euskarrian ere argitaratuko da, azoka profesionaletan, unibertsitateetan eta nazioarteko zirkuitu kulturaletan zabaltzeko.

Lehen aleak tradizioaren eta berrikuntzaren arteko elkarrizketa du aztergai, Zetak fenomeno musikala oinarri hartuta; belaunaldi sortzaile berriak ordezkatzen dituzten artista bisualen hautaketa bat aurkezten du; identitatearen eta diasporaren auziak hizpide hartuta, Gala Knörri egindako elkarrizketa dakar; Etxepare Euskal Institutuak sustatutako irakurletzen eta euskal ikasketen katedren nazioarteko sareari buruzko erreportajea plazaratzen du; eta Beleren kultur gomendioak ere biltzen ditu. Oro har, aldizkariak mugimenduan dagoen kultura baten erretratu garaikidea marrazten du.

Aldizkaria Etxepare Euskal Institutuko lantaldeak sortu eta koordinatu du, kanpoko sinaduren ekarpenekin eta Kiku Aromiren arte-zuzendaritzapean.

Kultura herri-estrategia gisa

Ekimen honekin, Etxepare Euskal Institutuak beste urrats bat eman du kultura nazioartekotzearen eremuan, Euskal Herria Europako kultur eragile garaikide gisa kokatuko duen kontakizun propioa eraikitzearen alde eginez. Gainera, ekimena Euskadi Globalaren kanpo-ekintza estrategiaren baitan kokatzen da, kultura herrialdearen nazioarteko aktibo nagusietako bat gisa indartuz.

Eskuratu BASQUE. Creativity & Culture aldizkaria

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>