Euskal baleazaleak Islandian. Sarraskia baino askoz ere haratago

Euskara. Kultura. Mundura.

2015-04-27

1615eko irailean, hiru baleontzi donostiar Reyhjafjördur fiordoan hondoratu ziren, ekaitz bortitz baten ondorioz. Biziraun zutenak hainbat taldetan banatu ziren. Bi ontzietako tripulazioa, 50 lagun ingururekin, Vatneyrira iritsi zen, eta han igaro zuen negua. Gainontzeko hogeita hamabiak Ari Magnússon gobernadoreak antolatutako pertsekuzioaren biktima izan ziren. Gizon bakarra atera zen bizirik sarraskitik; gainontzekoak biolentzia handiz hil zituzten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Islandiako Gobernuak babestutako eta Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Islandiar Erakundeak, Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies guneak eta Santa Barbarako Unibertsitateko Barandiaran Chair for Basque Studies katedrak antolatu duten euskal baleazaleen hilketa Islandian gertatu zeneko IV. urteurreneko programa amaitu berri da, gaia sakon aztertu duen kongresua barne. Gai hau aztertu duen hirugarren  nazioarteko kongresua izan da, guztien artean osoena, 2006. urtean Islandian eta 2011n Santa Barbara Californian egin zituztenak eta gero.

Reykjavikeko kongresuak atzera begira jarri zituen euskaldunak eta islandiarrak, 1615. urteko gertakizunak aztertzeko: garai hartako gizartea, lana egiteko modua eta antolaketa, errepresentazio  literarioa, legeak eta gatazkak aztertu dituzte mundu mailako 25 ikerlarik, Europako eta AEBetako zazpi unibertsitate ezberdinetatik etorri direnak: zientzialariak, biologoak, historialariak, idazleak... Denen artean erakutsi dutenez, euskal baleazaleen eta islandiarren harremana 100 urtez luzatu zen, eta uste izan zena baino askoz ere aberatsagoa eta emankorragoa izan zen.

Reykjavikeko kongresuak atzera begira jarri zituen euskaldunak eta islandiarrak, 1615. urteko gertakizunak aztertzeko: garai hartako gizartea, lana egiteko modua eta antolaketa, errepresentazio  literarioa, legeak eta gatazkak aztertu dituzte mundu mailako 25 ikerlarik, Europako eta AEBetako zazpi unibertsitate ezberdinetatik etorri direnak: zientzialariak, biologoak, historialariak, idazleak... Denen artean erakutsi dutenez, euskal baleazaleen eta islandiarren harremana 100 urtez luzatu zen, eta uste izan zena baino askoz ere aberatsagoa eta emankorragoa izan zen.

 

Michael M. Barkham (University of Cambridge) doktoreak eta historialariak Terra Novako balearen arrantzaren gainbeheraren eta XVII. mendearen hasieran euskaldunen hurrengo norakoen lehen bidaien berri eman zuen:  Brasil, Spitsbergen, Islandia eta Norvegia. Izan ere, euskaldunak tradizio handiko baleazaleak ziren, Kanada aldera joan aurretik ere luze aritu baitziren Euskal Herriko kostaldean. Terra Novan oso industria indartsua sortu zuten,  europar balearen arrantza modernoaren abiapuntu  izango zena, baina gehiegizko ustiapenak hango baleen eskasia eragin zuen. Ondorioz, lurralde berrietara jo zuten. Brasilen saiatu eta gero, euskal baleazaleek ofizioa irakatsi zieten arrantzale ingelesei eta danimarkarrei  Ipar Atlantikoan, hauek kontratatuta. Izan ere, ingelesak eta holandesak izan ziren hain zuzen geroago, 1614. urtean, euskaldunak Ipar Atlantikotik bota zituztenak. urtean. Besteak beste Jon Jakintsuak jaso zuenaren arabera, urte horretan bertan iritsi ziren lehen euskal baleontziak Islandiara…  

 

Ragnar Edvardsson arkeologoak (University of Iceland, Research Center of the Westfjords) azken aurkikuntzen berri eman zuen kongresuan. 2010. urtean aurkitu zituzten XVII. mendeko bi baleazaleen estazio berriak aztertu eta gero, euskaldunen eta Mendebaldeko fiordoetako biztanleen arteko elkarbizitza luzea eta harremana ekonomikoki zein kulturalki sakona izan zela ondorioztatu dute.  Magnús Rafnsson (Museum of Icelandic Sorcery and Witchcraft) historialaria ere elkarbizitza horretaz aritu zen. Danimarkako merkataritza monopolioak kanpotarrekiko harremanak mugatzen zituenez, hartu-eman hori isilpekoa izan zen hain handi batean, baina hala ere, hainbat testuei eta aztarnei esker badakigu  euskaldunen presentziaren eta bizikidetasunaren berri Islandian; toponimoek eta garaiko kondairek ere elkarbizitza horren testigantza utzi dute.

 

Euskaldunak ziren

Xabier Irujok (Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno) euskal arrantzaguneen egoera legala izan zuen aztergai. Euskal arrantzaleak gizon libreak zirela erakutsi zuen: euren lanerako tresnen jabe eta merkataritza euren kabuz egiteko gai; izan ere, garaiko Gipuzkoako autogobernuak erabateko berdintasuna eta mugikortasun unibertsala bermatzen zien. Barne-antolaketari dagokionez, Arrantzaleen Kofradien rola azpimarratu zuen Irujok: balearen ehiza Euskal Herrian aspaldiko kontua izanik, kanpora joan zirenean ere kofradien arautegiaren arabera antolatu ziren arrantzaleak, araudi hori baleazaleen antolatzeko sistemaren oinarri bihurtuz. 

Hainbat testutan arrantzaleak espainiarrak eta frantsesak zirela aipatzen den arren, arrantzaleak Gipuzkoako probintziatik eta Lapurdiko bailiotik atera ziren eta horrenbestez, euskaldunak ziren: 1583an onartu ziren lege kodearen arabera gobernatua zegoen; gauza bera gertatzen da Lapurdiko bailioarekin, alegia, ez zela Frantziako erresumaren parte, baizik eta euren lege propioak zituztela.

 

Elkarrekin aritzea ez zen ezohikoa. XVI. eta XVIII. mendeetan Ipar Atlantikoko balearen ehiza eta bakailaoaren aztertu duten EHUko Alberto Aragón eta Alberto Angulo Morales ikertzaileek. Aragónek bere txostenean azaldu zuen modura, garai horretan euskal kostaldean eskasia zegoenean edo arazo politikoek egoera zailtzen zutenean Euskal Herriko Iparraldeko eta Hegoaldeko arrantzaleek batera antolatzen zituzten espedizioak Ipar Atlantikora jotzeko. Izan ere, adituaren arabera, euren arrakastaren gakoa ontziak, tripulazioak, kapitainak eta diru-sarrerak partekatzea izan zen. Espedizio haiek oso emankorrak izan ziren: 1530-1610 urteen artean euskaldunek 25.000-40.000 bale ehizatu zituztela estimatu dute.


Mari Jose Olaziregik (Etxepare Basque Institute / University of the Basque Country) eta Aurélie Arcocha-Scarciak (Université Bordeaux-Montaigne, IKER) balearen arrantzak eta orohar itsas munduak euskal literatura klasikoan izan duen irudikapena izan dute ikergai. Olaziregik kongresuan emandako hitzaldian hiru testu aztertu zituzten. Batetik, bi testu ez-literario:  Pierre Detxeberri “Dorre” kapitainaren nabigazio liburua, XVII. Mendekoa eta  1732. urteko artxiboko dokumentu bat, frantsesez idatzitakoa, arpoilariek zuten garrantzia eta mugaren alde bien arteko elkarlana erakusten duena, beharraren arabera arpoilariei beste aldean ere lan egitea eskatzen baitzieten.  Bestetik,  Joanes Etxeberri de Ciboure apaizak idatzitako Itsassoco Biayetako Othoitcen Araldea  (Bordele, 1627) lana eta abesti liburu batean aurkitutako eskuizkribuak; Olaziregik hauetako poema batzuk ere irakurri zituen, euskaraz, emakumezko batek testuok jendearen aurrean sekula irakurri dituen lehen aldian.    Euskal literatura klasikoak jaso zuen itsas munduaren errepresentazioa beste idatzi batzuen testuinguruan kokatu behar dela azaldu zuten adituek ondorio gisa, hipotestuak ugariak baitira (Odisea, Biblia, kosmografiak,  elezaharretako bidaiak…)

 

Laugarren euskara-islandiera glosarioa 

1937. urtean Nicolaas Deen hizkuntzalari holandarrak  XVII. mendeko euskara-islandiera bi glosario aurkeztu zituen; ezaguna da hirugarren bat ere bazegoela, desagertutzat eman den arren. Eta Reykjavikeko kongresuan IKER taldeko ikerlari Rikardo Etxeparek gordeta izan den laugarren glosario bat aurkeztu zuen, hain zuzen ere Harvardeko Unibertsitateko Houghton Liburutegian aurkitu dutena. Garbi dago, adituaren esanetan, ez dela Deenen lanen kopia bat, haietan bezala pidgin (hizkuntza frankoa, erabat sinplifikatua)  izaera duten sarrerak eta terminologia heterogeneoa badago ere.  Glosario berriak, bestalde, hitz beraren aldaera dialektalak sartzen ditu, baita aldaketa lexiko eta ortografikoak ere; helburu performatiboa duten perpausak ere oso interesgarriak direla azaldu zuen. Bitxikeria asko ere badira, errezeta magikoak direlako tartean, hala nola, laugarren glosarioan neskak maitemintzeko ematen direnak.  Aurretik beste ikertzaile batzuk erakutsitakoari jarraipena emanez –Viola Miglio kongresukidea kasu-, Etxeparek  “glosarioen kultur ikuspegi berria eskaintzea” proposatu zuen,  guztira jasota dauden 859 hitzek osatzen duten korpusak euskaldunen eta islandiarren arteko harremana sendoa eta aberatsa izan zela frogatzen baitu.  Gainera, etorkizuneko lan hipotesi  interesgarria adierazi zuten Etxeparek eta Migliok: North Athaltic pidgin hizkuntzaren parte datekeela euskal-islandiarra.

 

Sarraskia: herri baketsu batek indarkeria erabili zuenekoa

1615. urteko islandiar gizarte lasaiak euskaldunak hain era bortitzean eraso izana ikerketarako gaia izan da islandiar aditu askorentzat. Helgi Þorláksson (University of Iceland) irakasleak aparteko biolentzia hura aztertu du. Indarkeria garaiko islandiar gizartean erabat txertatuta zegoela erakutsi zuen: armatuak zeuden, biolentziazko erritoak zituzten eta atzerritarren kontrako eraso ugari dago dokumentatuta. Hala ere, euskaldunek jasandakoa bereziki gogorra izan zen: mutilatu egin zituzten, gorpuak itsasora bota... Torfi Tulinius (University of Iceland) irakasleak, berriz, islandiar gizarteak sarraskiaren aurrean izandako jarrera aztertu du. Bere esanetan, eta Jacques Sémelinen ikerketen arabera, horrelako triskantzak fenomeno sozial bat dira, erakundeak oso ahulak direnean edota kanpoko eraso bat jasotakoan gertatzen direnak. Egoera horrek beldur irrazionala sortzen du herritarrengan eta kontrola galtzen da. 1615eko gertakarien ondoren, hala ere, Mendabaldeko fiordoetako biztanleak oso traumatizatua gelditu ziren, hainbat dokumentuk erakusten duenez.

Tapio Koivukari finlandiar idazleak ere ederki ezagutzen du euskal baleazaleen sarraskia, bere hurbilketa “nobelagile batena“ bada ere. Gertatutakoak eta fikzioak izan duten harremana aztertu zuen. Haren aburuz, ez dago gertaeran zintzoak eta gaiztoak bereizterik, giza-talde bakoitzak bere buruari kontatzen dion istorioen talka islatzen baitu. Garaiko egoeraren deskribapena ere egin zuek idazleak; laburrean, hiru “f“ letren artean harrapatuta zeuden: famine, fear, frustration, hau da, gosea, beldurra, frustrazioa; euskaldunak, aldiz, balearen arrantzatzeko ur berrien beharrean zebiltzan. Eta han zegoen Martin de Villafranca kapitaina: anbizio handia baina esperientzia gutxi zuena, aparteko karisma zuena baina diziplina eskasa. Sarraskia agindu zuen Ari Magnússon gobernadoreak, berriz, eta ez zituen euskaldunak egin zuenagatik kondenatu, egin zezaketenagatik baizik. Era estrategikoan jokatu zuen: ez zebilen benetan justizia eske, merkataritzako monopolioa defendatzeko indarkeria erabiltzea baimendu zuen Danimarkako Erregearen oniritziaren bila baizik.

 

Jón Guðmundsson Jakintsuaren egia eta zigorra

Hilketa legitimatzeko, Oláfur á Ströndumek Spönsku vísur lana idatzi zuen euskaldunei buruz, baleazaleak pirata odoltsu, lapur eta bortxatzaile bezala azalduz. Bertsio horri erantzunez,  Jón Gudmundsson Jakintsuak –jakintsua, naturalista, poeta, margolaria eta sorginkeria praktikatzeagatik akustazen zutena- Euskal baleontzien urperatze eta gatazkaren istorioa idatzi zuen. Testuan gertatutakoa kritikatzen zuen eta euskaldunak akusazio horiengatik defendatu. Jazarri egin zuten eta erbestera kondenatu, 1631. urtean.

Viola Miglio (Barandiaran Chair for Basque Studies, University of California, Santa Barbara) hizkuntzalariak sakon aztertu ditu garaiko testuak, egileen izaera eta testuingurua. Bere iritziz, Jón Jakintsuaren testua kontakizun morala izan zen, herritarren benetako sentipena jaso zuena. Boteretsuen aldeko interpretazioen artean arreta berezia eskaini zien Ólafur Jónssonek idatzitako Spanish Stanzas  olerkiei, Gudmundssonen aurka gogor jotzen duena, euskaldunen alde eginez “bere kabia zikintzen” duelako. Ikertzaileak garbi azaldu zuen testuok gertakarien bertsio ofiziala gizartean finkatzeko eginak zirela, superstizioa eta beldurra baliatuta.  Viðar Hreinsson (The Reykjavik Academy) irakasleak ere testu horiek analizatu ditu eta ondorio berak atera ditu: batetik, boterearen hitza dago; bestetik, zintzoki jasotako iritzi propioa. Interes pertsonalak eta gizarte mailakoak eta boterearekin bilatzen den harremanak guztiz baldintzatu zuten kontakizunaren ikuspuntua, adituak azaldu zuenez.

Einar G. Pétursson (University of Iceland) irakasle emerituak Jón Guðmundsson Jakintsuaren ibilbideari eta bizitzari buruzko xehetasunak eman zituen, bereziki sorginkeriei eta sineskeriei buruz idatzi zituen lanak, eta gai horrek jorratzeak ekarri zizkion arazoei ingurukoak. Islandiar Literaturan doktorea den Ólína Þorvarðardóttirrek Jón Jakintsuaren exilioa eta zoria izan zituen mintzagai, sorginkerien beldurrez bizi zen  XVII. mendearen lehen erdian gizakiaren eta gizartearen arteko harremanak aztertuz. Hjörleifur Guttormsson naturalistak eta idazleak, berriz, Guðmundssonek 1632. urtetik 1658. urtera arte Islandian barrena egin zituen bidaien berri eman zuen, mapa eta irudi ikusgarriak erabilita. Garaiko marrazkiak, artelanak, –idazleak berak Hjaltastaður elizan egindakoak barne- eta eskuizkribuak ere erakutsi zituen. 

 

Kongresuak beste hainbat partaide ere izan zituen. Sigurdur Sigursveinsson Katla Geopark-eko historialariak Selma Huxley Barkham, gai hauen inguruko ikerketan aitzindaria izan zena omendu zuen kongresuan, Michael semea aurrean zela, haren lanaren garrantzia gogora ekarriz. Ólafur Jóhann Engilbertsson (Icelandic-Basque Association), kongresuko antolatzailetako bat izan dena,  Æðey herrian jaso eta hazi zen, euskaldunen hilketa gertatu zen lur bertsuetan... Bere arbasoak ote ziren? Politikoki erabiliak izan ziren? Azaldu zuenez, kezka horiek gaia ikertzera –besteak beste 20006ko kongresuan- bultzatu zuten, bai eta lslandiar-Euskaldun Elkartearen sortzailetako bat bilakatzera. Kongresua amaituta ere elkarteak tinko jarraituko du gaiaren hedapena egiten; izan ere, Sigrún Antonsdóttirrek lasterIslandian barrena eramango dute dibulgaziozko erakusketaren xehetasunak eman zituen. Berak ere bazuen atxikimendu pertsonala gaiarekiko, bere aita baleazalea izandakoa baitzen. Eta euskalduna.

 

Pidgin hizkuntzaz…  guztioi,  SHARGASCO!


MENDEURRENAREN PROGRAMA OSOA

PROGRAMAREN AURKEZPENA

KONGRESUAREN HASIERA EKITALDIA

BERRADISKIDETZE EKITALDIA

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.