Nire istorioa entzun nahi duten horiek entzun dezatela

Euskara. Kultura. Mundura.

2015-04-28

Euskal baleazaleen hilketaren 400. urteurreneko programaren baitan, eta Reykjaviken burutu zen kongresuaren ondoren, berradiskidetze ekitaldi sinbolikoa egin zuten euskaldunek eta islandiarrek apirilaren 22an sarraskia gertatu zen inguruan, Mendebaldeko Fiordoetan. Xabier Irujok, eraildako euskal baleazale baten ondorengo gisa, eta  Magnús Raffnsonek, hiltzaile Islandiarren ondorengoa den aldetik –biak ahala biak historialariak eta aspaldiko ikerketa kideak- irudikatu zuten bi herrien arteko hurbiltzea.   Illugi Gunnarson Islandiako kultura ministroak eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak izan ziren ekitaldiaren alderdi ofizialaren ardura hartu zutenak, Jónas Guðmundsson Westfjords distrituko mandatariarekin eta Esther Ösp Valdimarsdóttir Hólmavik herriko udal ordezkarirekin batera. Bertan ziren, halaber, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatua eta Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria.

Agintarien mintzaldietan, etorkizuna eraikitzeko historia ez ahaztea, baita gogorrak diren pasarteak ere, duen garrantzia azpimarratu zuten. Eta 1615eko gertaera “formalki ezabatuta” deklaratzea adostu zuten. Gainera, Westfjords distrituko mandatariak kargugabetu egin zuen, sinbolikoki bada ere, sarraskia agindu zuen Ari Magnússon gobernadore izandakoa.  

Ekitaldia Hólmavik herriko The Sorcery and Witchcraft Museum museoan izan zen, eta bertan geldituko da betirako gipuzkoar arrantzaleen omenezko plaka, euskal baleazaleak defendatzeagatik jazarri zuten Jon Jakintsuak XVII. mendean idatzitako testu bat euskaraz, islandieraz, gaztelaniaz eta ingelesez jasotzen duena.

2015ean eraikia 1615ean hil zituzten hogeita hamaika euskal baleazaleen oroimenez, “euren itsasontzi bat Trékyllisvík fiordoan hondoratu zen izotza eta eguraldi txarraren eraginez San Mateo Mezaren aurreko gauean, irailaren 21ean; ondoren, [Ögur]ko Ari Magnússon lurjabearen gizon armatuek hil zituzten, horien artean bost Æðey irlan, Sandeyri uhartean beste hamahiru eta, hauek baino lehen, itsasontzi bereko beste bi txalupetako gizon batzuk ere hil zituzten Dýrafjörður fiordoan; ustez bizirik ihes egin zuen bat izan ezik guztiak hil zituzten. [...] Nire istorioa entzun nahi duten horiek entzun dezatela, eta axola ez zaien horiek lasai ahantz dezatela.”

Plaka estalgabetu ondoren, Steindór Andersen kantariak Jón Jakintsuak ere idatzitako Fjölmóðureko abestia eskaini zuen, Euskal Islandiar Erakundeko kide Oláfur Jóhann Engilbertssonen harrizko harparen soinuak lagunduta, besteak beste elkarte bereko kide eta Islandian Espainiako kontsulordea den Márgret Jónsdottirren aurrean. Tapio Koivukari finlandiar idazleak marinelei buruzko islandiar olerkiak irakurri zituen gero, eta segidan euskaraz abesteari ekin zion, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Mari Jose Olaziregi Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria, Aurelia Arkotxa Bordele-Montaigneko Unibertsitateko eta IKER taldeko kidea eta Xabier Irujo lagun zituela: Joanes de Etcheverrik 1627. urtean idatzitako “Balea Çaleentzat” bertsoak kantatu zituzten: “(…) biziaren gatik dugu hirriskatzen bizia, arren egiguzu haren gelditzeko grazia”…   

Mende hauetan guztietan sekula galdu ez den adiskidetasuna ospatzea helburu izan zuen ekitaldi xume bezain hunkigarriari amaiera emateko, herriko haurtxoek ere euren kantak eskaini zituzten. Hólmavikeko sorginen babesean.

PROGRAMAREN AURKEZPENA

KONGRESUAREN HASIERA EKITALDIA

KONGRESUAREN LABURPENA

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu