Euskal diseinatzaileak DS Brussels Fashion Days-en

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-10-18

DS Brussels Fashion Days urteko ekitaldi garrantzitsuena da Belgikan modaren alorrean. Seigarren edizio honetan Euskal Herriko bi diseinatzaileren lana ikusteko aukera egongo da. Ion Fiz eta Eder Aurre izango dira bertan.

DS Brussels Fashion Days urriaren 20, 21 eta 22an ospatuko da Belgikako hiriburuko hiru toki enblematikotan: Galerie Horta, Galerie Ravenstein eta Place du Grand Sablon. Moda desfileez gain, hitzaldiak, tailerrak eta modaren munduarekin loturiko makina bat jarduera antolatu dituzte sortzaile, enpresa eta moda eskolei euren lana erakusteko aukera emateko.

Eder Aurrek bilbotarrak irekierako desfilean erakutsiko ditu bere azken sorkuntzak, Estatuko eta Belgikako beste hainbat diseinatzailerekin berrirekin batera. Londresko Saint Martins arte eskola ospetsuan bere prestakuntza osatu ostean, arropa marka ezberdinentzat egin du lan eta Estatu mailan eta nazioartean hainbat sari jaso ditu.

Ion Fiz diseinatzaile eibartar ospetsuaren txanda larunbatean izango da, Belgikako eta Estatuko lehen lerroko izenekin batera. Bere bildumak Frantzia, Espainia, Italia, Errusia eta Japon bezalako herrialdeetan banatzen dira eta Mercedes Benz Fashion Week Madrid eta Prêt-a-porter de Paris bezalako topaketetan parte hartzen du sarritan. 2015ean Paris Fashion Week-en bere lehen desfilea egiteko aukera izan zuen.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu