Euskal filmak Berlinen

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-11-12

Berlingo Euskal Zinema JaialdiaBaskisches Filmfestival azaroaren 15etik 18ra bitarte egingo da. Aurtengoa, Berlingo Euskal Etxeak Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz antolatzen duen jaialdi honen 6. edizioa izango da.

 

Berlingo Euskal Zinema Jaialdia – Baskisches Filmfestival azaroaren 15etik 18ra bitarte egingo da. Aurtengoa, Berlingo Euskal Etxeak Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz antolatzen duen jaialdi honen 6. edizioa izango da.

Aurtengo egitarauak azken boladako pelikula entzutetsuak dakartza. Lehen egunean, azaroak 15, Kalebegiak filma jarriko dute; 15 zinegileren elkarlanaren ondorioz, Donostia oinarri duten 15 film laburrez osatutako filma. Zinegile horien artean Julio Medem, Gracia Querejeta, Daniel Calparsoro, Asier Altuna edota Borja Cobeaga bezalako izenak aurki daitezke. Hurrengo egunean, hilak 16, Errementariren txanda izango da. Paul Urkijo zuzendariaren opera prima arrakastatsua, Alex de la Iglesiak ekoitzia, lehen aldiz ikusi ahal izango da Alemaniako hiriburuan.

Azaroaren 17an bertaratzen direnek Atrapados por la Serpiente pelikula ikusteko aukera izango dute. Musika-dokumental honek Cancer Moon indie-rock talde desagertuaren historia kontatzen du, Jon Zamarripa eta Josetxo Anitua taldekideak ardatz hartuta. Jaialdia ixteko, azaroaren 18an, azken urtean arrakasta handia izan duen Handia filma ikusi ahal izango da. Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako pelikula honek 10 Goya sari irabazi zituen 2017ko edizioan, besteak beste.

Filmez gain, ikusleriak hainbat gonbidaturen bisita jasoko du; horien artean, Errementari filmeko Paul Urkijo zuzendaria eta Nerea Torrijos jantzi arduraduna edota Handiako Joseba Usabiaga aktorea.

Film guztiak 20:00etan erakutsiko dira Kino Moviemento zinema aretoan, euskaraz eta ingelesezko azpitituluekin.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu