Fira del Llibre de València: Mariasun Landa eta Fito Rodríguez

Euskara. Kultura. Mundura.

Fira del Llibre de València: Mariasun Landa eta Fito Rodríguez
  • 27
    Api 2023
    07
    Mai 2023
    Valentzia

Euskal literatura Valentziako Liburu Azokan izango da, apirilaren 27tik maiatzaren 8ra Jardines de Viveros lorategietan. Apirilaren 30ean Mariasun Landa eta Fito Rodríguez autore gonbidatuek topaketa batean parte hartuko dute euskal literatura garaikidea aurkezteko.

Azokaren 58. edizio honetan, euskal literaturak presentzia berezia izango du Fira del Llibre fundazioak eta Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Durangoko Azokaren laguntzarekin, egindakohitzarmenaren ondorioz. Hemendik aurrera, Valentziako Liburu Azokak urtero euskarari, galegoari eta asturiarrari jardunaldi bat eskainiko die.

Ekimen honek hizkuntza gutxituetan idazten den literaturari ikusgarritasuna ematea du helburu, kultura hispanikoaren aniztasunaren erakusleihoa zentzu zabalean erakusteko. Lanak jatorrizko hizkuntzan eskuragarri egongo dira, gaztelaniazko eta valentzierazko itzulpenez gain.

Apirilaren 30ean, igandean, euskal literatura garaikidea aurkezteko ekitaldia egingo da, 12:00etan. Jardines de Viveros lorategietan. Bertan Mariasun Landa eta Fito Rodriguez euskal idazleek parte hartuko dute. Sarrera doakoa izango da, aretoaren edukiera bete arte.

Bi idazleen lanak nazioartean itzuliak izan dira eta autore bezala ibilbide luzea dute. Landaren kasuan, bere lanak, gehienak haur eta gazte literaturakoak, gaztelaniara, katalanera, galizierara, ingelesera, frantsesera, alemanierara, grezierara, arabierara, koreerara eta albanierara itzuli dira. Era berean, Rodríguez lanak alemanera, katalanera, galizierara, ingelesera, italierara, kurduerara, ladinora eta braillera itzuli dute, eta Euskal Herriko literatura eta poesia sorkuntzako zenbait sariren irabazle eta finalista izan da. Topaketaren moderatzailea, Aritz Galarraga idazlea, euskarazko literaturaren kritikaria eta Kataluniako eta Euskal Herriko unibertsitateen arteko irakaslea da. Ekitaldian Valentziako hainbat erakundek eta Valentziako Liburu Azokaren lehendakariak, Maria Bravok, parte hartuko dute.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu