Euskal literaturaren topagunea Bartzelonan
Euskara. Kultura. Mundura.
2018-2019 ikasturteko Bartzelonako Irakurle Klubaren azken jardunaldia ospatuko dute datorren maiatzaren 28an, azken urteetan euskal kulturaren epizentro bilakatu den Agustí Centelles liburutegian.
2018-2019 ikasturteko Bartzelonako Irakurle Klubaren azken jardunaldia ospatuko dute datorren maiatzaren 28an, azken urteetan euskal kulturaren epizentro bilakatu den Agustí Centelles liburutegian.
Aurretik, apirilaren 30ean egin zen saioan, Katixa Agirre idazlea bertan izan zen klubeko irakurleekin saio berezi bat elkarbanatzeko, Iolanda Zúñiga idazle galiziarrarekin batera; biek, UAB unibertsitatean hitzaldi bat ere eman zuten egun berean. Ekitaldi hau Bartzelonan apirilaren 23tik maiatzaren 8ra ospatzen ari den Literaldiaren baitan antolatu zen.
Ez da kasualitatea liburutegi honek protagonismoa irabazi izana. Jatorria 2012an HABEk eta Bartzelonako Liburutegien partzuergoak Bartzelonako liburutegi ezberdinetan sakabanatuta zeuden euskal literaturaren laginak batean biltzeko sinatu zuten akordioan du, hala euskal funts bat sortu ahal izateko. Iniziatiba honen aurretik, Bartzelonako Euskal Etxean, Hizkuntza Eskolan, Bartzelonako Unibertsitatean (UB) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) sakabanatuta zeuden liburuak.
Orduz geroztik, lehenago aipatu ditugun eragile guztien elkarlanari eta inguruetako zerbitzua zentralizatu izanari esker, Agustí Centelles liburutegia euskal literaturak Bartzelonan duen erreferentea bilakatu da. Liburutegiaren webgunean bertan “cultura basca” atala aurki dezakegu, eta Bartzelonan dauden euskarazko liburuen inguruko edozein kontsulta ere bertan egin daiteke.
Elkarlan honetatik zenbait proiektu sortu ziren, tartean, aipatu dugun irakurle kluba. Aurten, bosgarren edizioa ospatzen ari dira dagoeneko, lehen aldiz Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, pasa den urteetan proiektu hau HABEk kudeatzen baitzuen. Munduan zehar euskara zabaldu eta euskal hiztunen kopurua handitzeko helburua duen “Euskara munduan” proiektua HABEtik Etxepare Institutura igaro denez, Irakurle Klubaren kudeaketak ere bide berbera jarraitu du.
Bartzelonako Irakurle Klubean parte hartzeko plazak mugatuak dira, eta urtero bete ohi dira 25 irakurle ingururekin. Irakurle hauek hilabetean behin, hileko laugarren asteartean biltzen dira Agustí Centelles liburutegian, 19etan. Aurtengoan, amaitzen ari den edizio honetan, zazpi euskal idazleren liburu banaren inguruan jardun dute:
- Anjel Lertxundiren “Eskarmentuaren paperak”.
- Arantxa Urretabizkaiaren “3 mariak”.
- Aingeru Epaltzaren “Tigre ehizan”.
- Lourdes Oñederraren “Intemperies (babes bila)”
- Jon Miranderen “Haur besoetakoa”
- Katixa Agirreren “Atertu arte itxaron”
- Kirmen Uriberen “Mussche”