Euskal presentzia ugaria Max sarietan
Euskara. Kultura. Mundura.
Aste honetan iragarri dituzte estatu mailako arte eszenikoen Max sariak jaso ditzaketen artista eta konpainien izenak. Horien artean daude, besteak beste, Zanguango teatro, Barsanti eta Kukai dantza konpainiak, baita Iñaki Rikarte eta Fernando Bernués euskal artistak ere. Irailaren 7an egingo da sari banaketa, Malagan.
Edizio honetan izena emandako 386 ikuskizunetatik, 159 izendatu zituzten, eta horietatik 35 igaroko dira finalera, 60 artistaren izenak bilduz. Euskal presentzia ugaria da sarien 19 kategorietan: Barsanti konpainia bizkaitarrak kaleko ikuskizun onenaren saria eskuratu dezake Kale Gorrian lanarengatik, eta berdina egin dezake Zanguango Teatro konpainia arabarrak Al otro lado lanarekin. Halaber, Kukai konpainia gipuzkoarra Dantza ikuskizun onenaren saria irabaz dezaketenen artean dago, Gauekoak obrari esker.
Horrez gain, Fernando Bernués donostiarrak espazio eszenikoaren diseinu onenaren saria irabaz dezake Kukairen Gauekoak obran egindako lan bikainarengatik; eta Iñaki Rikarte arabarrak ere beste hainbeste, Antzerki Klasikoaren Konpainia Nazionalaren El desdén con el desdén izeneko lanean egindako eszena zuzendaritzarengatik.
SGAE autore eta editoreen elkarteak antolatzen du Max sari banaketa urtero, estatu mailako arte eszenikoen ikuskizun onenak goraipatzeko helburuarekin. COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, sari-banaketa ekitaldi hau atzeratu egin behar izan dute. Hemen irakur dezakezu euren oharra osorik.