Euskal sorkuntza garaikidea Venezian

2026/05/13

I Baschi alla Biennale 1976/2026 kultur programa Venezian gauzatu da maiatzaren 6tik 8ra, memoria ez ezik praktika artistikoa ere uztartuta. Ezagutu xehetasun oro. 

Euskara. Kultura. Mundura.

2026an berrogeita hamar urte beteko dira euskal artista, zinemagile, musikari eta poeta talde batek parte hartu zuela Veneziako Biurtekoan, 1976ko urrian antolatutako jardunaldi batzuetan. Urtemuga horren harira, I Baschi alla Biennale 1976/2026 kultur programa gauzatu da Venezian maiatzaren 6tik 8ra, memoria eta sorkuntza garaikidea uztartuta.

Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak—Artium Museoak eta Università Ca’ Foscari Venezia unibertsitateak antolaturik, hiru espazio edo gune bereizitan garatu da kultur egitaraua.

Batetik, hiru egunetan zehar, Artium Museoak atondutako azterketa kasua jarri da erakusgai. Bertan, 1976ko Veneziako Biurtekoaren euskal partaidetzaren baitan aurkeztu ziren ikus-entzunezko lanak berreskuratu dira, bai eta garai hartantxe egindako film dokumentala erakutsi ere, soinu-artxiboak lagun. Horien pare, euskal obra garaikideagoak erakusgai jarri dira, denak ere ikerketarako interpretazio eta ikusmolde berriak sortzera bideratuak. Azterketa kasuaren bueltan antolatu dira, halaber, euskal antzezle emakumezkoen lanak: Itziar Okariz artistaren Irrintzi Repetición maiatzaren 7an, bateko, eta Tripak kolektiboaren Tripak Tokitik, maiatzak 8, besteko.

Bestetik, 1976an Cinema Moderno izandako aretoan izan da Ca’ Foscari unibertsitateak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak—Artium Museoak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Euskadi Veneziako Biurtekoan, 1976: atzera begira, aurrera egiteko jardunaldia, maiatzaren 7an, ostegunez. Ekimen akademiko honek euskal artearen ikerketan sona handiko adituak bildu ditu eta kulturaren, artearen eta pentsamenduaren bidez Euskadik nazioarteko testuinguruan duen zeregina izan ditu aztergai. Hizlari lanetan jardun ziren, besteak beste, Joseba Zulaika, Miren Vadillo, Peio Aguirre, Beñat Sarasola eta Leire Vergara.

Horrez gain, Scuola Grande San Giovanni Evangelista antzokia izan da kultur programaren ardatz instituzionala bere baitan hartu duena, maiatzak 7, Ibone Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendarakiordea, inaugurazio-ekitaldiaren buru izan delarik.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>