I Baschi Alla Biennale 1976/2026

2026/04/22

Maiatzaren 6tik 8ra hartuko du Veneziak memoria eta praktika artistikoa uztartzen dituen ‘I Baschi alla Biennale 1976/2026’ kultur programa. 

Euskara. Kultura. Mundura.

1976ko Veneziako Biurtekoan izan zuen partaidetza historikotik mende erdi igaro dela, Euskadi Italiako hirira itzuliko da, maiatzaren 6tik 8ra luzatuko den I Baschi Alla Biennale 1976/2026 ekimenaren eskutik. Gasteizko Artium Museoan egin agerraldian adierazi denez, kultur egitasmo honek memoria eta sorkuntza garaikidea uztartuko ditu eta artearen zereginaz kritikoki hausnartuko du, adierazpen askatasunerako eta baieztapen kolektiborako ezinbesteko tresna gisa.

Hain zuzen ere, duela bost hamarraldi euskal artista talde batek bere ahotsa Veneziako Biurtekoan entzunarazi zuen, Franco hil ondorengo trantsizio politikoa eta eskaera demokratikoen sorrera ezaugarri zituen une historiko hartan. Gaur egun, Euskadi bestelako ikuspegi, baliabide eta lengoaia artistiko berriztatuekin itzuliko da Veneziara, eta, ororen gainetik, kultura, munduarekin bat egiteko modua dela sinetsita.  

I Baschi alla Biennale 1976/2026 proiektu egin-moldera bideratutako plataforma kritiko gisa sortu da, egungo errealitateari heltzeko gai. Proiektuak memoria prozesu dinamiko bezala ohoratuko du, artxiboko materiala sorkuntza garaikidearekin bat eginez, erronka garaikideei buruz hausnartu ahal izateko.

Osatu den egitarau zabalak ikuspegi akademikoak, artistikoak eta instituzionalak uztartuko ditu, sorkuntza esparruko eta akademiako profesionalen arteko elkarrizketa eraginez. Ekimenak memoria kulturala osatzen duen mugarria ospatzea, gertaera hura modu kritikoan berraztertzea eta, batez ere, sortzaileen belaunaldien arteko elkarrizketa bultzatzea ditu helburu.

Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak, Artium Museoak eta Università Ca’ Foscari Venezia unibertsitateak ondutako programazioaren baitan, 2026ko maiatzaren 6an ekingo zaio kultur egitarauari, Palazzo Contarini della Porta di Ferro gunean Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak—Artium Museoak aurkeztuko duen azterketa kasuaren irekiera publikoaren bitartez (16:00etatik 20:00etara). Egun horretan ez ezik, maiatzaren 7an eta 8an ere erakusgai izango da, 10:30etik 18:00etara eta 10:30etik 21:30era, hurrenez hurren. Kasu azterketak 1976ko Veneziako Biurtekoaren euskal partaidetzari dagozkion ikus-entzunezkoak, soinu-artxiboak eta material dokumentala aurkeztuko ditu, euskal obra garaikideagoen pare erakutsirik eta ikerketarako interpretazio eta ikusmolde berriak sortzeko gai den artxiboa osatuz.

Maiatzaren 7an, Scuola Grande San Giovanni Evangelista eraikinean izango da programaren alderdirik instituzionalena, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria inaugurazio-ekitaldiaren buru delarik. Kokapen horretan bertan izan zen, hain justu ere, Euskal Herriko egoerari buruzko konferentzia politikoa 1976. urtean. 

Ekimenaren jardunaldi akademikoa egun berean hartuko du Veneziak. Izan ere, Euskadi Veneziako Biurtekoan, 1976: atzera begira, aurrera egiteko izenburupean, kulturaren, artearen eta pentsamenduaren bidez Euskadik nazioarteko testuinguruan duen zeregina izango dute aztergai, 1976ko Veneziako Biurtekoa ardatz hartuta. Veneziako Ca’ Foscari Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak zuzenduko dute jardunaldia Santa Margherita auditorioan, Euskal Herriko arte Garaikidearen Museoarekin – Artium Museoarekin lankidetzan, Joseba Zulaika, Miren Vadillo, Peio Aguirre, Beñat Sarasola eta Leire Vergara adituek hartuko dute parte hizlari gisa. Jardunaldi akademikoa Tripak kolektiboaren performancearekin bukatuko da, 16:00etarako aurreikusia. Ca’ Foscari unibertsitatearen Santa Margherita auditorioa, aspaldi Cinema Moderno izana, euskal artisten ikus-entzunezko obren erakustoki izan zen 1976ko Biurtekoan zehar.

Azterketa kasuari dagokionez, maiatzaren 7an arratsaldeko 18:30ean emango zaio hasiera Palazzo Contarini della Porta di Ferro gunean, Itziar Okariz sortzailearen Irrintzi Repetición zuzeneko performancearekin. Erakustoki berberak emanaldi gehiago hartuko ditu biharamuneko, maiatzak 8, 18:30ean, Tripak kolektiboaren Tripak Tokitik piezaren bitartez, besteak beste.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>