I Baschi alla Biennale 1976/2026

Euskara. Kultura. Mundura.

I Baschi alla Biennale 1976/2026

I Baschi alla Biennale 1976/2026

1976an, itzalen eta lortzeke zeuden askatasunen garaian, euskal artista talde batek Veneziako Biurtekoan kokatu zuen bere ahotsa, artea adierazpeneko, askatasuneko eta baieztapen kolektiboko tresna bihurtuz.

Berrogeita hamar urte geroago, Euskadi beste leku batetik eta beste tresna eta hizkuntza batzuekin itzuli da Veneziara, baina uste sendo berberarekin: kultura munduan bizitzeko modu bat dela.

Testuinguru honetan erakusten den programak ibilbide bat egiten du iraganaren eta orainaren artean eta memoriaren eta sorkuntzaren artean. Hainbat alderdi elkartzen ditu —alderdi akademikoa, artistikoa eta instituzionala— eta eragile, artista eta pentsalariei dei egiten die elkarrekin aztertze eta zabalkunde ariketa bat egiteko.

Beraz, ekimenak memoria kulturala osatzen duen mugarria ospatzea, gertaera hura modu kritikoan berraztertzea eta, batez ere, sortzaileen belaunaldien arteko elkarrizketa bultzatzea ditu helburu. Artea topaketarako, transmisiorako eta askatasunerako gune bezala pentsatzeko gonbidapena da.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru izanik

Scuola Grande San Giovanni Evangelista

Maiatzak 7, 10:00

Euskadi Veneziako Biurtekoan, 1976: atzera begira, aurrera egiteko

Auditorium Santa Margherita (Cinema Moderno zaharra)

Università Ca’ Foscari Venezia 

Maiatzak 7, 9:30 – 16:40

Jardunaldi akademiko honek Euskadik kulturaren, artearen eta pentsamenduaren bidez nazioarteko testuinguruan duen zereginari buruzko hurbilketa bat proposatzen du, 1976ko Veneziako Biurtekoa ardatz hartuta. Gizarte-eraldaketak, diskurtso artistikoak, agertzeko eta identitatea adierazteko moduak eta euskal kulturaren erronka garaikideak aztertuko dituzten adituak biltzen ditu. Veneziako Ca’ Foscari Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak zuzentzen dute, Euskal Herriko arte Garaikidearen Museoarekin – Artium Museoarekin lankidetzan, Monika Madinabeitiak (Etxepare Euskal Institutua), Elena Roserasek (Artium Museoa) eta Miren Vadillok (Euskal Herriko Unibertsitatea) osatutako batzorde akademiko baten bidez.

Ekimen hau Iñaki Alfaro irakurleak Euskal Programaren barruan (Veneziako Ca’ Foscari Unibertsitatea eta Etxepare Euskal Institutua) antolatu duen mintegiaren atarikoa da. Biennale Sessions 2026  programaren barruan egingo da mintegia, Veneziako Biurtekoak antolatzen duen artearen Nazioarteko 61. Erakusketa, In Minor Keys izenekoa, dela eta.

Hitzaldiek italierarako interpretazioa izango dute.

I Baschi alla Biennale 1976/2026

Palazzo Contarini della Porta di Ferro

  • Maiatzak 6, 16:00 – 20:00
  • Maiatzak 7, 10:30 – 18:00,
    • Irekiera-ekitaldia 18:30, Itziar Okariz, Irrintzi Repetición
  • Maiatzak 8, 10:30 – 21:30
    • Performancea 18:30, Tripak kolektiboa, Tripak Tokitik

2026an berrogeita hamar urte beteko dira 1976 Veneziako Biurtekoan euskal presentzia markatu zuten ekitaldietatik. Urteurren horren testuinguruan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak—Artium Museoak, azterketa-kasu bat aurkeztuko du gertakari hura berrikusteko, ikerketarako eta aktibazio dokumentalerako proiektu zabalago baten zati gisa. Izan ere Franco diktadorea hil ondorengo trantsizio politikoa eta eskaera demokratikoen sorrera ezaugarri zituen une historiko hartan, nazioarteko proiekziorako agertoki bihurtu zen Venezia. Berrikuste horren helburua ez da gertaera hura modu linealean berreraikitzea, baizik eta ikuspegi garaikide batetik berrikustea, haren aukera-baldintzei zein egungo oihartzunei erreparatuz. Ordutik igarotako denborak aukera ematen du 1976ko Biurtekoa gertakari isolatu gisa ez hartzeko, baizik eta inflexio-puntu gisa kultura-sareak finkatzeko eta gaur egun arte eraldatzen jarraitu duen imajinario kolektiboa eratzeko. 

Horren harira, garai hartan Venezian erakutsi ziren filmak berreskuratuko dira Artium Museoak Palazzo Contarinin egingo duen aurkezpenean. Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur (1968), Jose Mari Zabalaren Axut (1975), Jose Angel Rebolledoren Arriluce (1971 – 1975) eta Jose Antonio Sistiagaren …ere erera baleibu izik subua aruaren… (1968 – 1970), bai eta Artze anaien soinu-zati bat ere, Ikimilikiliklik musika eta ikus-entzunezko ikuskizunean parte hartu zuena Mikel Laboaren eskutik. 

Pieza horiekin batera, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren—Artium Museoaren, bildumako bi margolan daude. Mari Puri Herreroren Juicio de Burgos (manifestación) (1971) eta Damaris Panen Dobla (2021). 

Horiez gain, Contarini jauregian, Itziar Okariz artistaren Irrintzi Repetición (2026) eta Tripak kolektiboaren Tripak Tokitik (2026) performanceak eskainiko dira. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu