Euskal sorkuntza Shanghaiko Bienalean

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-11-08

Jorge Oteiza eta Itziar Barrio euskal artisten lanak ikusgai daude Shanghaiko Biurtekoaren 14. edizioan, 2024ko azaroaren 9tik martxoaren 31ra, euskal sorkuntza nazioartean zabaltzeko Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen ZABAL programaren esparruan egindako lanaren ondorioz.

Hamalaugarren edizio honen (‘Cosmos Cinema) helburua  kosmosa bere konplexutasunean arakatzea da, hainbat kulturatan mikrokosmosaren eta makrokosmosaren arteko harremanak ikertzen dituzten artistak aurkeztuz, alderdi ekologikoei arreta jarriz, gizakiak kosmosean duen zereginari buruzko hausnarketaren bidez, diskurtso dekolonialaren barruan tokiko kosmologiak irudikatzen edo horiei buruz hausnartzen duten artistak aurkeztuz, baita kosmosaren eta ideologiaren arteko lotura aztertzen duten artistak ere.

Itziar Barrioren lana eta Jorge Oteizaren piezak kontzeptu horretan kokatzen dira. Hurrengo lerroetan, bi artisten lanetan sakonduko dugu.

‘A Demon that Slips into Your Telcopes while You ´re Dead Tired and Blocks the Light’ – Itziar Barrio

Bideo-saiakera honek elementu dokumentalak eta fikziozko elementu espekulatiboak konbinatzen ditu, irudi astronomikoaren eta ezagutza zientifikoaren giza eraikuntza azaltzeko xedez.

Lan hau giza eragileen eta giza eragileak ez direnen (fenomeno astronomikoak, teleskopioak, datuak, zientifikoak) arteko horizontaltasunetik abiatuta dago sortuta. Obrak zientzia eta teknologian lan egiten duen jendeak mundua ulertzeko eta bizitzeko dugun moduan nola eragiten duen argitu nahi du, ezagutza "objektiboaren" alorrei forma ematen dieten eraikuntza sozialak eta botere-indarrak azaleratuz.

Itziar Barrio bertatik bertara, bere obraren eta euskal artearen ordezkaria izango da Shanghaiko Bienalean.

Espazioa eta metafisikan ikerketzen duten bost pieza – Jorge Oteiz

Shanghaiko Bienalean aukeratuak izan diren Oteizaren lanetako bik, ‘Kutxak Harrian’ (1958) izenekoak, marmol zuriz zizelkatutako eskulturak dira, erretxinazko inkrustazioekin. Serieak Oteizaren esperimentatzeko nahi bati erantzuten dio, bolumen baten alde positiboak eta negatiboak modu materialean irudikatzeari, alegia, elementu zuriak eta beltzak uztartuz.

Bestalde, Shanghain ikusi ahal izango den Oteizaren hirugarren eskultura ‘Malevitx unitate irekiaren bidezko espazio errotazioa/ Malevitxen omenez’ (1957) da, atzealdean "TZA" letrak idatzita dituen forjatutako altzairuz eskultura. Obrak Oteizaren proiektu eskultorikoaren arintasun espazialaren nahia irudikatzen du, non formak biratuta agertzen diren, erabateko aktibazio espaziala lortzeko asmoa duen dinamismo baten ondorioz. Azken eskultura hau Jorge Oteizak 1957ko São Pauloko IV. Bienalean aurkeztu zuen 28 eskulturaz osatutako sortaren parte da, espazioa ez okupatzearen ideian zentratuta zegoen bere asmo esperimentalaren zati gisa.

Paper gaineko ikatz-paperezko bi collageak artista oriotarrak sortu zituen 1958an, eta Shanghain ere egongo dira ikusgai. Obra hauetan Oteizak solido geometrikoen espazioaren funtzionamendua ikertzeko zeukan nahia irudikatzen dute, planoan elementu desberdinak gainjarriz.

Etxepare Euskal Institutua eta egitasmoa

Etxepare Euskal Institutuak 2019an jarri zuen abian ZABAL ekimena atzerrian euskal kultura eta euskal artisten nazioarteko zabalkundea bultzatzeko helburuz. Obra hauek Shanghaiko Bienalean egotea ZABAL programaren baitan egindako lanaren emaitza da. Dagoeneko munduko biurteko eta arte-jaialdi entzutetsuenetako ordezkarien bederatzi bisita izan dira gurean, Euskal Herriko artisten lana ezagutzera eman asmoz: São Pauloko Biurtekokoak (2019 eta 2022an), Documenta Fifteenekoak (2020), Shanghaiko Biurtekokoak (2021 eta 2023), Veneziako Biurtekoa (2022), Istanbulgo Biurtekokoak (2022), Art Jameel erakundekoak (2022) eta Sydneyko Biurtekokoak (2023).

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu