Euskal zinema Oscar sarietarako lehian
Euskara. Kultura. Mundura.
Espainiako Zine Akademiak hiru pelikula aukeratu ditu Oscar sarien 93. ediziorako atzerriko film onenaren sailera aurkezteko eta horietako bik euskal zuzendaritza dute: Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga gipuzkoarrekn “La trinchera infinita” eta Galder Gaztelu Urrutia bilbotarraren “El hoyo”. Hirugarren hautatua Oliver Laxeren “O que arde” da eta honek ere euskal ukitua du, Donostiako Kowalski Filmsek ekoizpenean parte hartu baitu.
Moriarti Produkzioak Oscar sarietan ordezkari izateko aukeratua izan duen hirugarren filma da “La trinchera infinita”, “Loreak” (2014) eta “Handia” (2017) filmen ostean. 36ko gerraren inguruko istorio honek Zilarrezko Maskorra eta Gidoi onenaren epaimahaiaren saria eskuratu zituen Donostia Zinemaldian, bi Goya sariekin batera (15 izendapen izan bazituen ere), besteak beste. Aurten lehen aldiz beste euskal film batekin hariko da lehian.
“El hoyo” pelikularen ibilbidea oparoa izan da ere. Generozko film honek Toronton, Sitgesen eta Goya sarietan errekonozimendu garrantzitsuak jaso ditu. Halaber, Ikusleen babesa ere lortu du, Gaztelu Urrutiaren lehen luzemetraia itxialdi garaian Netflix plataforman gehien ikusi direnetako bat izan baita.
Urriaren 3an ebatziko da apirilaren 21era atzeratu den Hollywoodeko sari banaketan hautagai izateko zeinek hartuko duen ordezkaritza. Zorionak eta zorte on guztiei!