Euskal zinearen txokoa Edinburgon: 80 egunean eta Loreak
Euskara. Kultura. Mundura.
80 egunean eta Loreak filmak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga) eta Samina laburmetraia Edinburgoko Unibertsitatean eta Filmhouse zine aretoetan ikusgai egongo dira aste honetan, bertako Festival de Cine Español de Edinburgo jaialdiak euren programazioan sartu baititu, euskal zineari erakusleihoa irekiz. Jaialdia urriaren 2tik 10era burutuko dute.
Berritasun modura, aurten euskal zineari eskainitako leihoa sortu dute jaialdian, aurretik aipatutako bi filmak programatuta, eta Jose Mari Goenaga zuzendaria gonbidatu dute jaialdian parte hartzera, beste hainbat zuzendari eta gidoilari entzutetsurekin, hala nola Tania Balló, Alfonso Zarauza, Luis Ordoñez edo Elvira Lindo. Samina, 80 egunean eta Loreak urriaren 3an ikusi ahal izango dira Edinburgon eta lehenak urriaren 5ean errepikatuko du emanaldia. Galiziako zineak ere izango du bere tartea Alfonso Zarauzaren Os Fenómenos filmarekin.
Jaialdiaren helburuetako bat plataforma bat sortzea da zinearen industrian, herrialde ezberdinetako profesionalentzako ezagutza amankomuna ahalbidetzen duena.
Orotariko programa batek osatzen du jaialdia: gastronomiari eskainitako eguna, ekitaldiak, hitzaldiak, mahai-inguruak, emanaldiak eta gazteei zuzendutako programa hezitzailea. Guztira 11 pelikula, 5 film labur eta 5 dokumental eskainiko dira Edinburgoko Unibertsitateak, Espainiako kontsuletxeak, AECIDek, ICAAk eta arteei zuzendutako Scotland erakundeak antolatutako jaialdian. Horien artean egongo dira, besteak beste, lehen aldiz Eskozian ikusi ahal izango diren Las Sinsombrero (Tánia Balló), Magical Girls (Carlos Vermut) edota Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez-Lázaro).