Euskal zinearen zikloa Txilen

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 06
    Urr 2025
    10
    Urr 2025
    Santiago

Txileko Santiago hirian, Pontificia Universidad Católica de Chile unibertsitatean, urrian zehar eskainiko den euskal zinema zikloa antolatu da, Euskadiren Txileko Ordezkaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak sustatuta. ‘Williamstarrak’, ‘Ciento volando’, ‘Marco’, ‘Bizkarasoro’ eta ‘Amama’ euskal ekoizpenak ikusi ahal izango dira bertan, urritik 6tik 10era bitarte izango diren emanaldietan.

‘Williamstarrak’ (Raúl De la Fuente, 2024)

Migratzaile asko euren burua ezagutzeko ispilu baten bila bizi dira; ez dira hemengoak, baina hangoak ere ez dira. Los Williams / Williamstarrak film luze dokumental eta familiarra da, kirolari buruzkoa, Iñaki eta Nico Williamsek lehen pertsonan kontatua. Bi anai futbolari, euskaldun eta beltzek (ghanatarren ondorengoak) euren historia harrigarria erakusten digute euren bizitzako bi urte erabakigarrienen bidez. Qatarreko Munduko Txapelketan bi selekzio ezberdinekin parte hartu zutenekoa, 40 urteren ostean Athletic Clubek Errege Kopa irabazi zuenekoa, Nicok Eurokopan irabazi zuenekoa, etab. Nazioarteko bi izar, euren iraganarekin eta etorkizunarekin aurrez aurre, bizitza markatu dien gatazketan zehar: arrazakeria, nortasuna, frustrazioa, anbizioa, eta arrakasta.

‘Ciento volando’ (Arantxa Aguirre, 2024)

Udako egunsentia. Donostiako neska gazte bat Haizearen Orrazira doa. Eduardo Chillida zaharra datorkio gogora, txikitatik maiz joaten baitzen eskultorea hara. Gaur egun, harkaitzetan sustraitutako hiru eskulturak, itsasoarekin eta haizearekin etengabeko elkarrizketan, bere hiriaren eta euskal kostalde osoaren ikur izatera iritsi dira. Egunsentian, Jone gazteak eskultoreaz galdetzen dio bere buruari, eta haren bila joango dela hitz ematen du.

‘Marco’ (Jon Garaño & Aitor Arregi, 2024)

Enric Marco inoiz existitu gabeko deportatua izan zen, iritzi publikoaren eta bere familiaren aurrean imajinatzen zaila zen gezur bati eusteko gai izan zen gizona: nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zutela. Karismatikoa eta sinesgarria, Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izateraino iritsi zen Marco, eta bertan, mirespena piztu zuen bere ustezko ausardia eta sufrimenduagatik. Harik eta egun batean historialari batek bere kontakizuna erabat faltsua dela jakin zuen arte.

‘Bizkarsoro’ (Josu Martinez, 2024)

Existitzen ez den herri batean, bost istorio erreal, 1914tik 1982ra gertatuak, ahozko lekukotzetan eta idazleen testuetan oinarrituak. Haietan barna, XX. mendean zehar Ipar Euskal Herriko herri ttipi batek bizitako aldaketa sozialak agerian. Hizkuntza baten erroizte eta hurrentzea. Eta bizirik irauteko borroka.  

‘Amama’ (Asier Altuna, 2015)

Asier Altuna zinemagile euskaldunaren film berria. Gatazkari buruzko familiarteko istorio bat. Hiriaren eta landa-gunearen, iraganaren eta orainaren, gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkena, hain zuzen. Bizitza ulertzeko bi modu kontrajarri, eta mundua isiltasun elokuenteenetik begiratzen duen amona bat. Iraia Elias, Amparo Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Kandido Uranga eta Klara Badiola dira film honetako protagonistak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>