Euskal zinema eta musika, Montrealen protagonista
2026/11/19
Cinémathèque québécoise-k euskal zinemari eskainitako ziklo bat hartu du, eta Merina Gris eta EZEZEZ taldeak M pour Montréal jaialdian ariko dira.
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal ondare zinematografikoak eta Merina Gris eta EZEZEZ taldeen musika proposamenek bat egin dute Montrealen, Etxepare Euskal Institutuak sustatutako bi ekimenen bidez. Azaroaren 16tik 18ra, Cinémathèque québécoise-k Euskadiko Filmategiak azken urteotan zaharberritutako zazpi filmak aurkeztu ditu elkarrekin lehen aldiz. Bestalde, Merina Gris eta EZEZEZ taldeek den M pour Montréal jaialdiaren programa artistikoan eta profesionalean parte hartuko dute azaroaren 18tik 21era.
Bi ekimenek euskal kultura publiko berriengana hurbiltzeko, Quebeceko kultur eragileekin harremanak sendotzeko eta nazioarteko lankidetzak garatzeko aukera eskaintzen dute.
Euskal ondare zinematografikoa, Cinémathèque québécoise-n
Cinémathèque québécoise-k La Cinémathèque basque présente zinema-zikloa hartu du aste honetan, Euskadiko Filmategiarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean antolatuta. Programazioak Euskadiko Filmategiak azken urteotan zaharberritutako zazpi filmak bildu ditu lehen aldiz.
Proiektatu diren filmak honako hauek izan dira: Tasio (Montxo Armendáriz, 1984), Nafarrako ikazkinak – Carboneros de Navarra (Montxo Armendáriz, 1981), Ander eta Yul (Ana Díez, 1988), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986). Horiez gain, Obaba (Montxo Armendáriz, 2005) filma ere ikusi ahal izan da.
Zikloa astelehenean hasi zen, 2024an Cannesko Zinemaldian aurkeztutako Tasio filmaren bertsio zaharberrituaren Kanadako estreinaldiarekin. Aurretik, Nafarrako ikazkinak – Carboneros de Navarra dokumentala proiektatu zen, Armendárizek gerora fikziozko film luzea egiteko abiapuntu izan zuen lana. Zinemagileak emanaldian parte hartu zuen, eta ikusleekin solasean aritu zen. Egun berean, Ana Díezen Ander eta Yul filma ere proiektatu zuten.
Asteartean, Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak euskal zinemaren historiari eta ondare zinematografikoaren kontserbazioari buruzko solasaldi batean parte hartu zuen. Ondoren, Obaba filma proiektatu zuten, Montxo Armendáriz zuzendaria eta Puy Oria ekoizlea bertan zirela. Jardunaldia Hamaseigarrenean aidanez eta Oraingoz izen gabe filmen emanaldi bikoitzarekin osatu zen.
Zikloa asteazkenean amaitu zen, Ehun metro eta Zergatik panpox filmen bertsio zaharberrituen Kanadako estreinaldiarekin. Bi lanek 1980ko hamarkadako euskal gizartearen ikuspegi desberdinak eskaintzen dituzte.
Zikloak euskal zinemaren historia eta haren ondarea berreskuratzeko eta kontserbatzeko egiten den lana hurbildu dizkio Quebeceko publikoari, 2021ean eta 2022an egindako zikloei jarraipena emanez.
Merina Gris eta EZEZEZ, M pour Montréal jaialdian
Euskal musikak ere presentzia nabarmena izango du M pour Montréal jaialdian. Merina Gris eta EZEZEZ taldeak jaialdiaren programa artistikoan eta profesionalean ariko dira BASQUE. MUSIC.-en eskutik; Euskal Herriko musikaren nazioartekotzea sustatzeko Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duten plataforma.
M pour Montréal jaialdiko zuzendaritza artistikoak hautatu ditu bi taldeak, BASQUE. MUSIC. plataformak egindako deialdi irekira aurkeztutako proposamenen artean.
Azaroaren 20an, Merina Gris eta EZEZEZ taldeek musika-industriako profesionalei zuzendutako showcase bateratua eskainiko dute Quai des Brumes aretoan. Jaialdiko kontzertuen programazioan ere izango dira: Merina Grisek egun horretan bertan joko du Casa del Popolo aretoan, Anyma Ora´ eta papaya noon taldeekin batera; EZEZEZek, berriz, larunbatean, azaroaren 21ean, L’Escogriffe aretoan joko du, Montrealgo We Are Wolves taldearen aurretik.
Euskal ordezkaritza jaialdiko topaketa profesionaletan ere parte hartzen ari da. Horien artean dago Regard sur les Basques harrera-ekitaldia, musika-industriako ordezkariak bilduko dituena, harremanak sendotzeko eta lankidetzarako aukera berriak aztertzeko.
Euskadiren eta Quebecen arteko kultur lankidetza
Jarduera hauek Euskadiren eta Quebecen arteeko kultur lankidetzari jarraipena ematen diote. Ibilbide horretako mugarri nagusien artean daude Saison Québec – Pays Basque (2021-2022) kultur trukerako programa, Quebeceko erakundeekin elkarlanean sustatutako dantza-sorkuntzarako egonaldiak eta 2022an Montrealgo McGill Unibertsitatean abiatutako Elbira Zipitria Katedra.
2025az geroztik, lankidetza hori Etxepare Euskal Institutuaren Ça colle au basque estrategiaren baitan kokatzen da. Estrategiak euskararen eta euskal kulturaren presentzia eremu frankofonoan indartzea du helburu, erakundeekin, jaialdiekin eta kultur eragileekin aliantzak sustatuz.