Biljana Isailovićek eta Serbiako Treći Trg argitaletxeak jaso dute 2026ko Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria
2026/11/13
Biljana Isailović itzultzaileak eta Serbiako Treći Trg argitaletxeak Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian eleberria serbierara itzuli eta argitaratzeagatik jaso dute saria Bilbon.
Euskara. Kultura. Mundura.
Azaroaren 12an banatu da 2026ko Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Ekitaldian, itzulpengintzak eta argitalpen-lanak euskarazko literatura irakurle, hizkuntza eta kultura berrietara hurbiltzeko duten funtsezko eginkizuna nabarmendu da.
Sariaren hamabigarren edizioan, epaimahaiak aurkeztutako 15 hautagaitzen artean aukeratu du irabazlea, eta Zazpi etxe Frantzian eleberriaren serbierazko itzulpenaren bikaintasuna azpimarratu du. Treći Trg argitaletxeak 2025ean argitaratu zuen liburua, Sedam kuća u Francuskoj izenburupean. Epaimahaiak itzulpenaren naturaltasuna eta jarioa goraipatu ditu, baita jatorrizko obraren estiloari, tonuari eta giroari eusteko erakutsitako gaitasuna ere. Era berean, argitaletxeak euskal literatura Serbian zabaltzeko egindako lana aitortu du, Atxagaren bost liburu argitaratu eta idazleak herrialdeko literatura azoka eta jaialdietan parte har dezan sustatu duelako.
Biljana Isailović eta Treći Trg: urteetako elkarlana Bernardo Atxagarekin
Biljana Isailović itzultzaileak (Belgrad, 1958) ekarpen nabarmena egin du Bernardo Atxagaren literatura Serbian ezagutarazteko. 2009az geroztik, idazlearen zortzi liburu itzuli ditu serbierara, besteak beste, Obabakoak, Zeru horiek eta Soinujolearen semea, eta haren literatura unibertsoa irakurle serbiarrengana hurbiltzen lagundu du.
Belgradeko Unibertsitatean Filologia Hispanikoan lizentziatua, ibilbide luzea du literatura itzulpengintzan, eta 55 obra inguru itzuli ditu. Horien artean daude Espainiar eta Hispanoamerikar literaturako hainbat egileren lanak, hala nola Jorge Luis Borges, Benito Pérez Galdós, Carmen Martín Gaite eta Javier Cercasenak, baita gaztelaniaz idatzi zuten hainbat euskal idazlerenak ere, Miguel de Unamuno eta Pío Barojarenak, besteak beste.
Itzulpengintzari eta literatura trukeari egindako ekarpenagatik, Miloš N. Đurić eta Radoje Tatić sariak jaso ditu. Horrez gain, Serbiako Literatura Itzultzaileen Elkarteko presidenteorde izan da bi agintalditan, eta 2002az geroztik Jugoslaviako Zinematekarekin lankidetzan dihardu ikus-entzunezko itzultzaile gisa.
Treći Trg argitaletxeak, berriz, Atxagaren bost liburu argitaratu ditu, eta idazleak Serbiako literatura azoka eta jaialdietan parte har dezan sustatu du. Belgraden sortu zen 2004an, eta poesia eta narratiba garaikidean espezializatutako argitaletxe independentea da. Literatura ahots berriak eta nazioartean hain ezagunak ez diren egileak ezagutarazteko konpromisoa du. Bere katalogoak 25etik gora herrialdetako egileen 450 liburu baino gehiago biltzen ditu, tartean poema liburuak, eleberriak, ipuinak, saiakerak eta antzezlanak.
Halaber, Belgradeko Europako Poesia Jaialdia antolatzen du. Bertan Europako 28 herrialdetako 400 egile baino gehiago bildu dira.
Bernardo Atxagaren obra, hainbat hizkuntzatara itzulia
Bernardo Atxaga egungo euskal literaturako erreferente nagusietako bat da. Obabakoak lanarekin, 1989an Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen, eta euskal literaturaren eremutik harago ere aitortza lortu zuen. Eleberria, poesia, ipuingintza eta haur eta gazte literatura landu ditu, eta haren obrak hainbat hizkuntzatara itzuli dira. Horren bidez, euskarazko literatura mundu osoan ezagutarazten lagundu du.
Zazpi etxe Frantzian Serbian argitaratzeak jarraipena ematen dio nazioarteko ibilbide horri eta, besteak beste, Biljana Isailovićen eta Treći Trg argitaletxearen ekarpenari esker, Atxagak herrialde horretako irakurleekin duen harremanari ere.
Etxepare–LABORAL Kutxa Itzulpen Sariak itzultzaileen eta argitaletxeen lana aitortzen du 2015etik
Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak 2015ean sortutako Itzulpen Sariak jatorriz euskaraz idatzitako lanen itzulpenen bikaintasuna aitortzen du, baita lan horiek argitaratu eta sustatzen dituzten argitaletxeen ekarpena ere.
Sariak 6.000 euroko zuzkidura du, itzultzailearen eta argitaletxearen artean erdibana banatzen dena. Horrez gain, obra sustatzeko 3.000 eurorainoko laguntza gehigarria jasotzeko aukera eskaintzen du.
Biljana Isailovićek eta Treći Trg argitaletxeko editore buru Dejan Matićek Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkariaren eskutik jaso dute saria. Ekitaldian Bernardo Atxaga eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia ere izan dira.