Euskal zinema udazkenean Latinoamerikan

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-09-06

Udazkenean zehar, euskal zinemak leku berezia izango du Latinoamerikako hainbat herrialdetan. Irailean, Uruguaiko Zinematekan euskal zinemaren mostra bat egongo da; hilabete berean Txileko Viña del Mar hiriko FICViña jaialdian Fermin Muguruzaren Black is Beltza filma emango dute; eta, Mexikoko Animasivo jaialdian, Black is Beltzaren beste emanaldi bat ez ezik, animazio-tailerra eskainiko du Begoña Vicariok azaro amaieran.

ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Uruguaiko Zinematekarekin duen erlazioari esker, eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, bigarren urtez eramango da euskal zinemaren mostra bat Hego Amerikako herrialde horretako hiriburura. Irailaren 5ean, atzo, hasi ziren emanaldiak, Maria Elorzaren Ancora Lucciole eta Koldo Almandozen Oreina filmekin. Gaur, Pello Gutierrezen Zain film laburra eta Itxaso Díazen Dualité, Cartografías Transculturales emango dituzte Montevideon. Ostera, irailaren 10era bitarte, euskal zinemaren egitarau anitza egongo da bertan, Variaciones de Winterreise, Izaro, Muga deitzen da Pausoa, Estrellado edota Lurralde hotzak bezalako filmekin, besteak beste. Horrez gain, Koldo Almandoz eta Maider Oleaga zinemagileak gonbidatu dituzte. Egitaraua hemen dago ikusgai.

Hego Amerikan jarraituz, Txileko Viña del Mar hirian urtero egiten den FICViña Nazioarteko Zinema Jaialdira, aurten, Fermin Muguruza zinemagilearen Black is Beltza filma eramango dute. Irailaren 12an izango da hori, eta Muguruza bera ere bertara joango da, filmaren aurkezpena egitera.

Huraxe ez da izango Black is Beltza filmak udazken honetan Latinoamerikara egingo duen bidaia bakarra. Hain zuzen ere, Mexiko Hirian ere izango da, bertan azaroaren 27tik abenduaren 1era bitarte ospatuko den ANIMASIVO jaialdian; baita Fermin Muguruza bera ere. Animazio garaikidearen jaialdi honetara euskal zinemagintzaren beste izen esanguratsu bat ere joango da: izan ere, Begoña Vicario zinemagileak “Taller de Arquitectura Animada” izeneko tailerra eskainiko du hiru egunez.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu