Euskal zinemagintza Cannesko Marché du Filmen izango da

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-05-15

Maiatzaren 14tik 23ra Cannes hirian egingo den Marché du Film zinema azokan, aurten ere, gune propioa izango du Basque Audiovisualek Zineuskadi, Etxepare Euskal Institutua eta Eiken Clusterraren arteko lankidetzari esker.

Maiatzaren 14tik 23ra Cannes hirian egingo den Marché du Film zinema azokan, aurten ere, gune propioa izango du Basque Audiovisualek Zineuskadi, Etxepare Euskal Institutua eta Eiken Clusterraren arteko lankidetzari esker.

 

Gune horretan, Basque Audiovisualek banatuko duen katalogoan 65 ikus-entzunezko proiektu aurkeztuko dira aurtengo edizioan, dela garapen egoeran, ekoizpenean sartuta edota jada amaituta daudenak. Horietatik hiru, emakumezkoen zinegintza bultzatzeko NOKA Mentoring programan hautatutakoak dira; eta beste zazpi, 2018. urteko Kimuak katalogoan hautatuak. Argitalpenak, guztira,36 ekoiztetxeren proiektuak bilduko ditu.

Azokak Málaga Goes to Cannes saila edukiko du aurten, eta bertara, Malagako zinema jaialdian aurten egondako film batzuk eramango dituzte, estatuko zinemagintza nazioartekotzeko intentzioarekin. Horien artean, Limbus Filmak ekoiztetxeak eta Iban del Campo euskal zinegileak egindako Glittering Misfits filma hautatu dute, eta maiatzaren 18an eskainiko dute Canneseko Zinema Jaialdiaren jauregiko K aretoan.

Bestalde, Juanma Bajo Ulloa zinegile gasteiztarraren Baby film berriak Fantastic 7 izeneko sailan hartuko du parte. Fantastic 7, nazioarteko zazpi zinema jaialdik osatutako ekimena da, eta bertan talentu berriei bultzada emateko erosle eta saltzaileen arteko solasaldi, aurkezpen eta hausnarketarako gunea eskaintzen da. Bertan, Torontoko Zinema Jaialdiak edota Sitgesko Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema jaialdiak, besteak beste, hartuko dute parte, eta jaialdi bakoitzak proiektu bat hautatu du maiatzaren 19an pitching saioak (ikus-entzunezko euskarri bidez erosleei egindako proiektu-aurkezpenak) egiteko.

Marché du Film azoka, Cannesko Zinema Jaialdiaren data bertsuetan izaten da eta, hortaz, urtero zinemagintzaren negozio-harremanetarako gune garrantzitsuenetarikoen artean kokatzen da. Azokak 12.000 profesional bildu ohi ditu urtero, 4.000 film edo proiektu inguru aurkeztu ohi dira, eta 5.500tik gora ekoiztetxek hartu ohi dute parte bertan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu