Euskara eta euskal kultur irakurleak trebatzeko ikastaroek aurrera jarraituko dute

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-05-07

Etxepare Euskal Institutuak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV-EHU), udaran eta udazkenean, atzerrian euskara eta euskal kultura irakasle izateko antolatzen dituen prestakuntza ikastaroek aurrera jarraituko dute.

Koronabirusak eragindako mundu-mailako krisi egoera honen aurrean, ordea, ikastaro horiek berme guztiekin burutu ahal izateko hainbat baldintza eta segurtasun neurri jarriko dira martxan. Horietako bat, dagoeneko iragarri duten hau: normalean aurrez aurre egiten diren ikastaro hauei, oraingoan, online eskolen aukera ere gehituko zaie.

Udaran Donostiako Miramar Jauregian egin ohi den “Bikaintasuna Euskal Ikasketetan” ikastaroa izango da bietan lehena. Aurtengo berrikuntza da ikastaroa aurrez aurre Miramar Jauregian edo streaming bidez egin ahal izango dela. 10. edizioa izango duen bi eguneko ikastaro trinko honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du, eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituak gonbidatu ohi ditu. Urtero ikuspuntu ezberdin batetik heltzen zaio gai honi; aurtengoa, aniztasuna izango da. Maiatzaren 20tik aurrera zabalduko dira xehetasun guztiak eta irekiko da izena emateko deialdia.

Udazkenean, ostera, izaera estentsibo eta luzeagoa duten beste ikastaro bat egin ohi da, atzerrian euskara eta euskal kulturan irakasle arituko diren horiek trebatzeko; iaztik Gasteizko EHUren egoitzara aldatu dena. Hori ere aurrera doala iragarri du Etxepare Euskal Institutuak, formatu hibridoan, eskolak hein batean aurrez-aurre eta saio batzuk online bidez eginez. Gainerako baldintzak aurrerago zehaztuko ditu.

Atzerrian euskararen irakaskuntza sustatzen

Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, 35 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 29 irakasle ari dira lanean. Horiez gain, euskal gaietan sakontzeko helburua duten 9 katedra ere sortu ditu, beste horrenbeste unibertsitatetan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu