Euskara eta euskal kultura eremu digitalean, Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroan

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-05-20

Bederatzigarren edizioa izango du aurten Etxepare Euskal Institutuak EHU-UPVrekin elkarlanean Udako Ikastaroetan antolatutako “Bikaintasuna Euskal Ikasketetan” ikastaroak. Aurten euskal kultura eremu digitalean izango du ardatz, eta euskara eta euskal kultura atzerrian irakatsi nahi duten irakasleak bilduko ditu bi egunez Donostian.

Bederatzigarren edizioa izango du aurten Etxepare Euskal Institutuak EHU-UPVrekin elkarlanean Udako Ikastaroetan antolatutako “Bikaintasuna Euskal Ikasketetan” ikastaroak. Aurten euskal kultura eremu digitalean izango du ardatz, eta euskara eta euskal kultura atzerrian irakatsi nahi duten irakasleak bilduko ditu bi egunez Donostian.

Uztailaren 10era arte, Ikastaroa hasten den eguna, zabalik da matrikulazio-epea, baina maiatzaren 31 baino lehen izena ematen dutenek prezio murriztuak izango dituzte.

Ikastaro honek zenbait helburu ditu. Batetik, humanitate digitalen eremura hurbildu eta euskara eta euskal kulturak eremu digitalean duten presentzia ezagutzea, honek aipatutako gaien irakaskuntzari egin diezaiokeen ekarpena aztertzeko. Bestetik, nazioartean euskara eta euskal kultura irakasten ari direnei edo horretan jardungo dutenei baliabide digitalen berri ematea, Etxepare Euskal Institutuko irakurletza sareko irakurleen jardunaren berri emanez eta esperientziak partekatuz.

Horretarako, bi eguneko egitaraua antolatu da, Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariaren gidaritzapean. Miramar Jauregian ospatuko den ikastaroa ikasle, irakasle, profesional, ikertzaile eta publiko orokorrari zuzendua egongo da.

Eremu digitalean euskara eta euskal kulturaren zabalkundean adituak diren hizlariak izango dira bertan: lehen egunean Detmar Meurersek “Digital tools for real-life foreign language teaching and learning" izeneko hitzaldia emango du; ondoren, Itziar Gonzalez eta Izaskun Etxeberria EHUko irakasleek Europa eta Euskal Herriko kultura digitalizatua aztertuko dute. Goiza amaitzeko, Mikel Iruskieta eta Abel Camachok “Euskararen irakaskuntza eta IKTak” izango dituzte hizpide. Arratsaldean, aldiz, Arantza Lauzirikak “Euskal artea garai digitalean” gaia izango du eskuartean eta amaitzeko, Ane Castelruizek “Irakurlearen jarduna eta sare sozialak” landuko ditu.

Bigarren egunean, uztailaren 11n, Euskal literaturari teknologia berrien begietatik begiratuko dio Iratxe Esparzak, eta ondoren Iker Arranz Santa Barbarako irakurlearen txanda izango da. Gero, Iñaki Lopez de Luzuriaga wikilariaren txanda izango da, “What is bertsolaritza?” ikus-entzunezkoa proiektatu eta honek kultura eskoletarako baliabide gisa duen balioa aztertu aurretik, Miren ibarluzea eta Xabier Payaren eskutik.

Informazio osatua eta matrikula esteka honetan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu