Euskara eta euskal kultura irakasteko lau irakurle hautatzeko deialdia zabalik

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-03-07

Nazioarteko sei unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kultura irakasteko lau irakurle berri hautatzeko deialdi publikoa zabaldu du Etxepare Euskal Institutuak. 2019-2020 ikasturterako hautatutako diren pertsonek zenbait unibertsitateetan emango dituzte eskolak.

Nazioarteko sei unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kultura irakasteko lau irakurle berri hautatzeko deialdi publikoa zabaldu du Etxepare Euskal Institutuak. 2019-2020 ikasturterako hautatutako diren pertsonek ondorengo unibertsitateetan emango dituzte eskolak: irakurle batek Universitat Autonoma de Barcelona (UAB) eta Universitat de Barcelona (UB) unibertsitateetan (Bartzelona), beste batek Boloniako Alma Mater Studiorum eta Veneziako Ca’Foscari unibertsitateetan (Italia), eta irakurle bana izango dira Santa Barbarako UCSB Unibertsitatean eta Chicagoko Unibertsitatean (AEB) eskolak emateko arduradunak.

Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 8an amaituko da (barne), eta eskabidea behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan edo Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN bulegoetan aurkeztu beharko da.

Aurten, berrikuntza gisa, Chicagoko Unibertsitateko irakurleak euskara eta gaztelera irakatsiko ditu. Postu honetarako hautagaiek derrigorrez eskabide bat Chicagoko Unibertsitatean aurkeztu beharko dute (https://academiccareers.uchicago.edu estekan, #04076 erreferentzia aukeratu) eta beste eskabide bat Etxepare Institutuan.

Hautagaiek unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) beharrezkoa da, baita euskarako EGA titulua izatea ere. Horretaz gain, Bartzelonan katalaneko eta Italian italierako B2 maila eskatuko da, Santa Barbaran ingeleseko C1 maila eta Chicagon, berriz, ingeleseko C2 maila izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta dutenak ere.

Informazio osatua deialdian ikus daiteke.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.