Euskara eta euskal kultura irakurle lanpostua eskaintzen du Boise State Unibertsitateak

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-10-02

Boise State Unibertsitateak (BSU) Euskara eta Euskal Kultura irakurle izateko lanpostu bat eskaintzen du, 2019ko abuztuaren 1ean hasteko. 

Boise State Unibertsitateak (BSU) Euskara eta Euskal Kultura irakurle izateko lanpostu bat eskaintzen du, 2019ko abuztuaren 1ean hasteko. Hautagaitzak proposatzeko epea azaroaren 4ra arte dago zabalik. Lanpostuak "Assistant Professor of Basque" du izena eta bederatzi hilabeteko kontratu berriztagarria eskaintzen du, denboraren erdia irakastea dela (15 kreditu urtero), %30a ikerkuntza, eta gainerako %20a administrazioa eta bestelako zerbitzuak.

Irakatsiko dituen gaiak euskara, euskal kultura edota euskal historia izango dira, bidaltzen dituen proposamenak ere kontuan hartuko direlarik. Ekimena kontuan hartuko da oso. Euskal gaietan ikertzeko eta proposamenak lantzeko aukera izango du eta harremanetan eta elkarlean arituko da BSUko Munduko Hizkuntzen Departamentuarekin, Boiseko Euskal Komunitatea eta bere elkarte eta adierazpenekin, eta BSUko Arte eta Zientzien Fakultatearekin.

Doktoradutza eskatzen zaio Euskal Gaietan edo hauekin harremana duen arlo batean (berehala lortzekotan daudenen hautagaitzak ere aztertuko dira), eskarmentua euskara irakasten edota irakasten graduarreko mailetan; eta ingelesa, euskara eta espainiera menperatu beharko ditu, beste zenbait baldintzaren artean.

Informazio osoa hemen topa daiteke.

Etxepare Euskal Institutuak euskararen eta euskal kulturaren ezagutza eta prestigioa nazioartean sustatzeko, euskara eta euskal kultura irakurletza programa kudeatzen du. Honi esker, munduko 34 unibertsitatetan irakasten da euskara eta euskal kultura.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu