Euskaraldian Etxepare Euskal Institutuko lankideak Ahobizi
Euskara. Kultura. Mundura.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte 11 egun euskaraz bizitzeko ariketa sozialean hartuko dute parte Etxepare Euskal Institutuko lankideek ere. 11 egun horietan, eguneroko lanean, Ahobizi izango dira.
Zazpi egun besterik ez dira gelditzen Euskaraldia hasteko. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian ekimen hau Euskal Herri osoko ehunka udalerritan eta bere helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko. Funtsean, Euskaraldiaren xedea da 11 egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan dezan.
Izena ematerakoan bi rolen artean aukeratu behar da; ahobizi edo belarriprest. Ahobizi izatea erabakitzen dutenek, 11 egun horietan euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz egingo diete. Era berean, ezezagunei, lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete eta ulertzeko gaitasuna dutenekin euskaraz jarraituko dute. Belarriprest izatea erabakitzen dutenek, 11 egun horietan euskaraz dakitenei beraiekin euskaraz egitea eskatuko diete, nahiz eta hauek erdaraz erantzun. Belarriprest izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.
Bada azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte 11 egun euskaraz bizitzeko ariketa sozialean hartuko dute parte Etxepare Euskal Institutuko lankideek ere. 11 egun horietan, eguneroko lanean, Ahobizi izango dira. Jendaurreko arretan, hornitzaileekin harremanetan, beste eragile batzuekin egiten diren proiektu-bileretan eta eguneroko laneko esparru guztietan Ahobizi rola hartuko dute.
Nazioartean ere Euskaraldia sustatzen
Etxepare Euskal Institutuak erakunde bezala ere hartuko du parte Euskaraldian. Euskal eremu geografikotik harago nazioarteko irakurletza sarean eta Euskal Etxeetan ere zabalduko du ariketa kolektibo hau tokian tokiko egoerara egokituz munduan zehar euskara ikasten dutenen euskararen erabilera indartzeko eta ikasgeletatik harago eramateko.
Ekimena atzerrian ere sustatzeko hainbat hamaikako bultzatuko ditu azken hilabeteetan eta enbaxadore hauen lanaren emaitza azaroaren 23tik aurrera ikusiko da, dozenaka ekintza antolatu baitituzte nork bere eremuan euskararen erabilera sustatu eta euskara ikasleak aktibatzeko.
Eman izena!
Azaroaren 23 bitarte, Euskaraldian parte hartu nahi duten guztiek izena eman ahal izango dute www.euskaraldia.eus webgunean. Bertan, izen-emate formularioa dago; parte hartzeko belarriprest eta ahobizi rolen artean erabaki beharko dute. Horretarako webgunean bertan topatuko dute erabakia hartzen lagungarria izango zaien informazioa.