Euskarazko Disko Onenaren saria erdietsi du Merina Grisek MIN sarietan

2026/03/26

Euskara. Kultura. Mundura.

Martxoaren 25ean Kordoban egin den MIN musika independentearen sarietan, Merina Gris taldeak eskuratu du Euskarazko Disko Onenaren saria etxeratzea, ‘Zuloa’ lanagatik. Garaikur hori lortzeko lehian izan dira, halaber, Ezezez taldea, ‘Kabakriba’ diskoarengatik, Mirua, ‘Miruenea’ lanagatik, Olaia Inziarte, ‘Zerrautsa’ dela-eta, eta Ruper Ordorika, ‘Lurra ikutu barik’-engatik.

Sara, Julen eta Paskalek 2020an sortu zuten talde donostiarra da Merina Gris, eta 2025an argitaratu zuten ‘Zuloa’, hamar kantuko bilduma dena, Sonido Muchacho diskoetxearen eskutik. ‘Zuloa’ generoak eta emozioak nahasten dituen elektronika-punk lana da. Zuloaren kontzeptua hainbat zentzutan aztertzen du, antsietate garaikidea islatzen duen soinu-espazio bat sortuz. 2022an, taldeak ‘Zerua orain’ LPa argitaratu zuen, eta anartean hainbat kolaborazio ere ondu ditu bertze euskal artistekin.

Euskarazko Disko Onenaren aitortza ez ezik, Merina Gris Artista Berri Onena eta Pop Disko Onena sarietara ere izendatua izan da.

Izaro eta Oreka TX, Musika-Ekoizpen Onenean saridun

Orotara zortzi euskal artista zeuden MIN sarietako hautagaien artean. Horietako bat Izaro izan da, eta Oreka TX bikoarekin batera ondutako ‘Xorieri’ lanagatik erdietsi du musikari mallabitarrak Musika-Ekoizpen Onenaren SAE Madrid saria. Horrez gain, ber lanagatik ere izendatu zituzten bai Izaro bai Oreka TX Elektronikako Grabazio Onenerako lehiakide. Musika-Ekoizpen Onenaren garaikurra etxeratzeko lehian izan da, halaber, Gorka Urbizu, ‘BAKAN (II)’-en kaleratzeagatik.

MIN sariak

Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen ditu MIN sariak 2009az geroztik, eta 18. edizioa dute aurtengoa. Sariok Espainiar estatuan egindako ekoizpen independenteen sorkuntza, aniztasuna eta kalitate artistikoa aitortzen dute. Helburua talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna ematea, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzea da.

Euskal kantagintzari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>