Izaki Gardenak, Marte Lasarte eta Süne, Artistas en Ruta programaren hurrengo ziklorako hautatuak
2026/01/08
Euskara. Kultura. Mundura.
AIE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la música) antolatzen duen Artistas en ruta estatu mailako zirkuituak jada aditzera eman ditu 2026. urteko lehenengo seihilekoan zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzten euskal taldeak: Izaki Gardenak, Marte Lasarte eta Süne.
AIEnRUTa- Artistas zuzeneko musika indartzeko eta talentu berriak publikoari hurbiltzeko programa bat da, estatu osoko zuzeneko musika aretoetan emanaldien zirkuitu baten bidez. Gaur egun ezagunak diren hainbat talde edo bakarlarik zirkuitu honetan parte hartu dute dagoeneko, esaterako, Hilario Rodeiro, Mirua, Silitia, Mikel Azpiroz, Nakar, Rüdiger, TOC, Aldakan, Capsula, Ezezez, J Martina, Amorante, Hofe x 4:40, Merina Gris, Neomak, Airu, Kulto Kultibo, Verde Prato, Amak, Lukiek, Ezpalak, Bulego, Idoia, Dupla, Olatz Salvador edo Zetak.
AIEnRuta programaren urteroko edizio bakoitzak bi ziklo ditu: lehenengoa urtarriletik ekainera eta bigarrena irailetik abendura. Estatu osoko kazetari, areto-programatzaile eta kultura-kudeatzaileek osatutako batzorde batek aukeratu ditu taldeak. 2026ko otsailetik apirila bitartean, Izaki Gardenak, Marte Lasarte eta Süne taldeek kontzertuak emango dituzte estatuan zehar, zirkuituaren babespean.
Etxepare Euskal Institutuak AIEnRUTa-Artistas programa babesten du, urtero egiten diren bi zirkuitu deialdietan (urtarrila- ekaina eta iraila-abendua) euskal musikarien presentzia bermatzeko.
Izaki Gardenak
Izaki Gardenak Gasteizko rock taldea da, Jon Basaguren musikariaren kantuak formatu bandan janzteko 2012an sortua. Ordutik, euskarazko pop-rock intimista eta melodikoa landu du, hitzei eta soinuen ñabardurei arreta berezia eskainiz. Taldeak 2012ko ‘Itsasargiak’ EParekin eman zituen lehen pausoak, eta geroztik hainbat disko plazaratu ditu, besteak beste ‘Amaieratik hasi’, ‘Aurri gara’, ‘Dena oskol’, 2024an argitaratutako ‘Orube’, eta 2025ean kaleratutako ‘Sitsak’. Lau urteko geldialdiaren ostean, ‘Orube’ diskoarekin eta 2025ean hasitako birarekin oholtzara itzuli da taldea, berriro ere entzuleekin hurbiltasunetik eta emozioetatik konektatzeko asmoz.
Marte Lasarte
Marte Lasarte Donostiako pop elektroniko eta rock talde berria da, Skakeitan taldearen amaieraren ostean kide zenbaitek sortua, haien ibilbide luze eta eszenatoki askotan hartutako esperientzia proiektu pertsonal berri batean bilduz. 2024an argitaratutako lehen singleek, ‘Basamortua’ eta ‘Marte Lasarte’, soinua bide dantzagarri, sintetizatu eta melodia itsaskorren inguruan eraikitzen dute.
Süne
SÜNEk bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, ‘AMAINEMAN’ izenpean. Diskoa 11 abestik osatzen dute. ‘AMAINEMAN’, amain eman. Erdaraz "dejarse llevar", "fluir" edo "dar rienda suelta". Euskaraz ezezaguna den hitz hau lehen planora ekarri nahi izan du SÜNEk. Hasierek ematen duten askatasunarekin zein beldurrarekin sortu ditu abestiak, amaierez eta etapa aldaketei buruz kantatzeko. Tradizioa, emakumeen ahalduntzea zein egunerokotasuneko gaiak ere landu ditu besteak beste.