Euskeria Koruak kontzertuak eskainiko ditu Edinburgon

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-10-25

Bilboko Koral Elkarteko gazte talde den Euskeria Koruak hiru kontzertu eskainiko ditu Eskoziako hiriburuan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Etxepare Euskal Institutuak babestuta. 2015an Bilbon sortutako Fair Saturday ekimena lehen aldiz ospatuko da aurten Edinburgon, eta Euskeria koruaren kontzertuetako bat jaialdi horren aurkezpenean egingo da.

Fair Saturday mugimendua, artearen bidez mundua aldatzeko balioa ikusarazi nahi duena, Black Friday egun ospetsuaren ondoren ospatzen da (azaroaren amaieran), mundu mailako hainbat herri eta hiritan. Eskozia eta Euskal Herriaren arteko harremana sendotze aldera, aurten Edinburgora eramango da Fair Saturday jaialdia lehen aldiz; eta horren aurretik, bihar bertan, jaialdiaren aurkezpen zeremonia ospatuko da.

Testuinguru horretan gonbidatu dute Bilboko Euskeria Korua Eskoziara. Gazte taldeak hiru kontzertu eskainiko ditu: lehena bihar, urriak 26, Edinburgoko Jaialdiaren egoitzan; eta beste bi urriaren 27an, bata Saint Giles katedralean eta bestea Queen’s Hall-en.

Egitasmo hau Etxepare Euskal Institutuak Eskozian 2018-2019 denboraldian irekiko duen Euskal Leihoan txertatzen da. Institutua osatzen ari den diziplina anitzeko kultur programaren bitartez, Eskozian euskarazko kultura eta euskal sortzaileen lana ezagutzera ematea da helburua. Horrez gain, euskal eta eskoziar sortzaileen arteko ezagutza zein trukea sustatu eta elkarkidetzarako aukerak sortu nahi dira.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu