Excellence in Basque Studies, euskal kulturaren topaleku
Euskara. Kultura. Mundura.
Bukatu da Etxepare Euskal Institutuak eta EHUk elkarlanean antolatzen duten Excellence in Basque Studies-en zortzigarren edizioa. Uztailaren 9tik 11ra egin da udako ikastaro hau Donostiako Miramar jauregian. Aurtengo gaia berrikuntza izan da eta euskal sorkuntzan, diziplina ezberdinetan, azken urteotan nabarmendu diren berrikuntza eta joerak aztertu dira. Zortzi izan dira bi egunetan zehar hitzaldiak eman dituzten adituak eta guztira 60 lagun baino gehiagok hartu dute parte ikastaroan.
Bukatu da Etxepare Euskal Institutuak eta EHUk elkarlanean antolatzen duten Excellence in Basque Studies-en zortzigarren edizioa. Uztailaren 9tik 11ra egin da udako ikastaro hau Donostiako Miramar jauregian. Aurtengo gaia berrikuntza izan da eta euskal sorkuntzan, diziplina ezberdinetan, azken urteotan nabarmendu diren berrikuntza eta joerak aztertu dira. Zortzi izan dira bi egunetan zehar hitzaldiak eman dituzten adituak eta guztira 62 lagun baino gehiagok hartu dute parte ikastaroan.
Musikarekin eman zitzaion hasiera ikastaroari. Jon Eskisabelek, Badok.eus atariko arduradunak, azken urteetan euskal musikan egon diren joeren inguruan hitz egin zuen. Interneti lotutako berrikuntza teknologikoek musika ekoizteko, zabaltzeko eta entzuteko ohiturak aldatu dituztela argudiatu zuen, hala nola: diskogintza sektorearen atomizazioa, autoekoizpenaren gorakada... Gainera, Euskal Herriak gaur egun bizi duen egoera politikoak musikan duen isla ere argi utzi zuen, izan ere musikaren rol soziala aldatu dela eta nortasun trinkoak eraikitzeko orain arte izan duen gaitasuna ezbaian jarri dela uste du Eskisabelek.
Goiza bukatzeko, lehenengo Estibalitz Ezkerra literaturan aditua eta ondoren Miren Jaio arte kritikaria izan ziren ikastaroan. Lehenengoak euskal literaturaren barruan azken hamarkadetan argitaratu zenari erreparatu zion eta zein joera nagusitu diren aztertu zuen, nazio zein nazioarteko ikuspuntu bati jarraituta. Bigarrenak, aldiz, azken hamarkadan euskal arte plastiko eta ikusizkoetan egondako aldaketak aztertu zituen hainbat artelanen bitartez. Artea berritasunari modu estuan lotuta dagoela gogorarazi zuen, eta arteak izan behar duen ikuspegi kritikoa azpimarratu zuen.
Arratsaldean, Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko unibertsitate sareko euskara irakurleen txanda izan zen. Ikastaroaren helburua nazioartean euskara eta euskal kultura irakasten ari diren edo horretan jardungo duten irakasleei bitartekoak ematea denez, Mireia Orbegozo, Txileko Unbertsitateko irakurlea eta Unai Lauzirika, Leipizigeko Unibertsitateko irakurlea izan ziren gonbidatuak. Irakurle modura duten esperientzia kontatzeaz gain, antolatzen dituzten jardueren inguruan berri eman, eta Lauzirikaren kasuan, irakasteko material berri edo egokitua sortzeko orduan jarraitu beharreko metodologiak aurkeztu zituzten.
Bigarren egunari Iratxe Fresneda EHUko irakasle eta zinegileak eman zion hasiera. Azpimarratu zuen hizkuntza txikiak eta zinemagintza txikiak etengabe berriztatzen ari den ikus-entzunezkoen kultura eta industriaren esparruan bere tokia sortzen ari direla. Gainera, euskal zinemako izen garrantzitsuenak azpimarratu zituen eta Kimuak programari aipamen berezia egin zion, euskal ikus-entzunezkoari egindako ekarpenagatik.
Aizpea Goenaga antzerkigilea izan zen hurrengoa, gaur egungo euskal antzerkiaren berritasunak eta erronkak azaltzeko. Euskal antzerkiaren ibilibidearen historia kontatu zuen lehenik modu laburrean, ondoren antzerki motak aipatu zituen, testu antzerkia, hitzik gabeko, hizkuntza bakarrean edo bi hizkuntzatan sortutako antzerkia... Teknologien ekarpena jarri zuen jomugan Goenagak, eta euskal antzerkiaren inguruko hausnarketa batekin bukatu zuen.
Arratsaldeko mahai inguruaren aurretik, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak “The K is the key” hitzaldia eman zuen. Kulturaren garrantziaz eta munduari maila lokaletik begiratzaren garrantziaz aritu zen. Gainera, aipatzekoa da aurreko hitzaldiekin ere hainbat lotura egin zituela. Arratsalderako Ibarretxe bera deituta bazegoen ere, azken orduko aldaketa bat medio, bere ordez Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak parte hartu zuen mahainguruan, Unai Lauzirika, Irene Larraza (Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria) eta Garbiñe Iztuetarekin (Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko zuzendaria) batera. Mahai ingurua hausnarketarako eta ideia desberdinak plazaratzeko gunea bihurtu zen.