Game Changers: Balenciagaren iraultzaren isla, Anberesen
Euskara. Kultura. Mundura.
Mari Jose Olaziregi, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria Anberesko MOMU museoan izan da, Game Changers, Reinventing the 20th Century Silhouette erakusketa ikusten; museoko zuzendari den Kaat Debo andearekin biltzeko aukera era izan du.
Erakusketaren komisarioak Karen Van Godtsenhoven eta Miren Arzalluz izan dira. Azken hau, Deustuko Unibertsitateko doktoregaia,Nerea argitaletxeak 2009an argitara eman zuen Cristobal Balenciaga. The Making of a Master (1895-1936) liburu/ikerlan bikainaren egilea izan zen. Bera ere izan zen gidari Olaziregik erakusketari egindako bisitan eta museoko arduradunekin izandako bileran.
Bikaina da erakusketa, bikainak horretarako bildu diren baliabideak. Guztira 144 soineko daude erakusgai, munduko bilduma ezberdinetatik mailegatuta: Palais Galliera (Paris), Museum at FIT (New York), Victoria & Albert Museum (London), MUDE (Lisboa), beste batzuen artean, MoMuko bildumaz aparte. Artxibo pribatuetatik ere ugari jaso dituzte, Balenciaga, Chanel eta Yamamoto-tik batez ere.
Balenciaga da erakusketan giltzarri, ardatz, esango genuke, Miren Arzalluzek adierazi digun bezala. Bisitaria laster ohartzen da horretaz, erakusleiho bakoitzean erdigune bilakatzen baita Getariako maisuaren sorkuntza. Balenciagak diseinatutako 35 soineko daude guztira, eta horietatik 32 Parisko Balenciaga etxearen artxibotik datoz. Ohikoa ez den laguntza eta babesa eman du etxeak. Ordezkatuta dauden gainontzeko diseinatzaileen artean, berriz, Madeleine Vionnet, Coco Chanel, Cristóbal Balenciaga, Issey Miyake, Yohji Yamamoto, Comme des Garçons (Rei Kawakubo), Martin Margiela, edo Alexander McQueen. Bisitariak harriduraz begiratzen ditu XX. mendean silueta berritu/irauli/egokitu zuten maisuen ekarpenak, gorputzari askatasun eta mugimendu berria eman zioten horiek, gorputzaz haratago espazioarekin jolasten asmatu zutenak. Bisitariak badaki “silueta” euskal hitza dela, eta Getariakoak gaztetan entzun eta sentitu zituen hitz eta doinuak ere badirela bere sorkuntzan.
Kritika bikainak jaso ditu erakusketak, besteak beste, Alistair O’Neill entzutesuarena, Game Changers oraintxe Parisen dauden erakusketa handiak baino hobetzat jo duena, edo Business of Fashion aldizkari digital famatuan Colin McDowell-ek egindakoa. Abuztuaren 14 arte dago erakusketa ikusgai Anberesko MOMUn, baina izango du, dudarik gabe, jarraipenik!
Erakusketara etor ez daitezkeenek, Bloomsbury argitaletxe entzutetsuak argitaratu duen Game Changers, Kaat Debo & Miren Arzallus & Karen Van Godtsenhoven editatu duten liburuan aurkituko du zer irakurria, zer gozatua.