Gaur argitaratu da AIR WRO egonaldi artistikoaren deialdia

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-07-27

Poloniako Wroclaw hirian egonaldia egiteko artista bat hautatzea helburu duen Artist In Residence Wroclaw egitasmoaren 2020ko edizioak gaur ikusi du argia. Eskaerak egiteko epea datorren astelehenetik, uztailaren 27tikirailaren 1era bitarte egongo da zabalik.

Artists in Residence Wroclaw (AIR Wro) egonaldien, ikasketa bidaien eta nazioarteko elkarlanen programa bat da, 2016an Wroclaw Europako Kultur Hiriburu izan zenekoaren legatua (Donostiarekin partekatu zuen titulua, alegia). Bere xedea zera da: kultura eta artearen alor ezberdinetan jarduten diren sortzaileen lana lagundu eta sustatzea; beti ere, tokiko komunitate eta zirkuluen ordezkariekin elkarlanean jarduteko interesa izan eta nazioarteko kultur harremanak garatu nahi dituztenena.

Euskal Herriko artistentzako aurtengo deialdia munduan gertatzen ari diren aldaketa azkarrekin lotuta dago, gizakiek planetan eta hirian eragiten duten inpaktuarekin lotzen den Antropozeno aroaren testuinguruan. Jendeak etengabe moldatzen du paisaia eta ekosistema urbanoa, baina harekin hartu-eman edo esku hartzerik al du? Aktibismo, praktika artistiko eta kolektibitate modu berriak agertzen ari dira hiri modernoetan, gure komunitateetan gertatzen ari diren etengabeko aldaketen ondorioz. Zein da Antropozenoarekiko erreakzio artistiko eta kulturala? Nola erreakzionatzen dute hiriek? Zein da garapen iraunkorraren eta ekologiaren esanahia, eta kulturarekin duen harremana? Badirudi horrek guztiak eragina duela lan egiteko, bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko moduan.

Deialdiaren inguruko informazio osagarria eta izena emateko prozedura esteka honetan aurki daitezke.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.